Apustu sendoa galdegin du EH Bilduk mugikortasun iraunkorrerako
Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Plana funtsezkoa izango dela mugikortasun eredu berrietara egokitzeko adierazi du koalizioak.
Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astea hasiko da bihar eta horren karietara Irungo EH Bilduk adierazi du funtsezkoa dela astearen helburu dena betetzeko apustu sendoa egitea. Horretarako, ibilgailuentzat diren espazioak berreskuratu behar direla diote, oinezkoen, txirrindularien eta garraio publikoaren mesedetan.
Bizikletaren erabilera sustatzeko urteetan egindako eskaerak ekarri ditu gogora koalizioak, esate baterako,2021ean uztaileko kreditu aldaketan gobernuarekin Irungo leku estrategikoetan bizikletentzako aparkaleku seguruak ezartzeko proiektu pilotu bat martxan jartzea adostu zuten. “Horretara 20.000 euroko diru partida bideratu genuen. Urtebete igaro da eta oraindik ez dugu proiektu honen berririk”.
Akordio hau bete ez denez “lehenbailehen bete eta bizikletaren erabilera areagotuko duten neurri gehiago bultzatzea” eskatu dute. Mugikortasuna iraunkorra izango delako bizikletaren erabilera sustatuta EH Bilduk dioenez. Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Plana idazten ari dira eta funtsezkoa izango dela uste dute, “gure hiria mugikortasun eredu berrietara egokitzeko”. Horretan lanean jarraituko dutela esanez amaitu dute.