'Black is Beltza II: Ainhoa' filmaren soinu banda aurkeztu dute
Hogei eta zortzi abestik osatu dituzte pelikularen doinuak. Bertsioak, hutsetik sortutakoak eta kantu originalez arduratu da Maite Arroitajauregi.
Pelikularen beste pertsonai bat dela musika esanez hasi du Elkarreko musika arduraduna den Andres Kamio Jitu-k Black is Beltza II: Ainhoa pelikularen soinu bandaren aurkezpena. Bere alboetan zeuden Fermin Muguruza filmaren zuzendaria, eta Maite Arroitajauregi Mursego jatorrizko musikaren arduraduna eta konposatzailea.
Black is Beltza lehen pelikula 2018an estreinatu zen Donostiako Zinemaldian eta bigarren zatia Euskal Herriko festibal entzutetsuenean aurkeztuko du ere hilaren 23an, 18:00etan, baina Belodromoan. Sarrera guztiak agortu dira.
BERRIAri Muguruzak adierazi zion “justizia poetikoa” dela bertan aurkeztea pelikula, Negu Gorriakek bederatzi urteko ibilbide juridikoa izan baitzuen Ustelkeria diskoaren ondorioz eta garaipena bertan ospatu zuten.
Hogei eta zortzi abesti kaleratu dituzte, disko eta binilo formatuetan. Arroitajauregik eman dituen xehetasunen arabera, “badaude kantu originalak eta badaude kantu original horiek batzen dituzten pasarte musikalak. Bestalde, Kortaturen bi bertsio daude, nire egin ditudanak, Zu atrapatu arte eta Ehun ginen“.
Lehenengo pelikula Anarik bertsionatutako Mikel Laboaren Apur dezagun katea, kanta dezagun batea abestiarekin amaitu zen, eta oraingoari lotura emango dion kantua izango da Muguruzaren hitzetan. Abesti hori faxismoaren aurka borrokatzeko dagoen armarik indartsuena kultura dela adierazteko erabili zuela gogoratu du zuzendariak.
Pelikularen bihotza beraiek jarri dutena eta Iñigo Muguruzarena dela esan du Ferminek. “Hor taupaka dago Iñigorena”. Bere anai gazteenari omenaldia da bigarren ikus-entzunezkoa. Ildo horretan, Mursegori lana enkargatzea ez dela kasualitatea izan argitu du: “Mursego izan zen Iñigorekin batera ikusi nuen azken kontzertua eta horrek beste balio sentimental bat ematen zion”.