Txanogorritxo ipuina deseraikiz, eraiki
Itsaso Gutierrezek haren gradu amaierako lana aurkeztuko du bihar 19:00etan Liburutegian.
Hondarribiko Udal Liburutegiaren erabilpena bermatze aldera, ekintza ezberdin eta berritzaileak antolatzen dituzte urtero, eta aurten, ez da salbuespenik izan; sorpresaz gainezka dator ikasturtea.
Liburutegian izango diren hainbat jarduerek Txanogorritxo izango dute ardatz, irailetik abendura bitarte. Ipuina deseraiki eta elementu ezberdinak zatika aztertuko dituzte, gizartean eman den eboluzioa kontuan hartuz. Hilabetero elementu ezberdin bat landuko dute.
Irailean ipuina izango dute hizpide: ‘Txanogorritxo, nora zoaz?’. Ipuin klasikoa nondik datorren eta gizartean eman den eboluzioa aztertuko dute, emakumeen ikuspegitik. Biharko egunez, (hilak 15) ‘Txanogorritxo zaharra versus berria’ izenburua duen hitzaldia antolatu dute, 19:00etan. Itsaso Gutierrezek haren gradu amaierako lana aurkeztuko du haren tesiko zuzendari izan zen Xabier Etxanizekin batera. Garbiñe Ubeda arituko da aurkezle eta bideratzaile lanetan. Hitzaldiaz gain, zinema eta tailerrak antolatu dituzte. Hilaren 21ean 19:00etan ‘Caperucita roja’ laburmetraia eta Miguel Angel Vivasen ‘Cuentame un cuento’ filma eskainiko dituzte. Hilaren 28an, berriz, ipuin kontalari eta collage tailerra egingo dute ‘Dorotea eta Txanogorritxo surtzen’ Amaia Egidazuren eskutik.
Urrian amonaren papera aztertuko dute: ‘Amonatxo, zergatik…?’. Urriaren 1n helduen eguna dela probestuz, helduen esperientzia eta beren ikuspegia izango dute hizketagai. Azaroan, aldiz, ahalduntzea landuko dute: ‘Txanogorritxo ahalduntzen’. Azaroaren 25a indarkeriaren kontrako eguna dela kontuan izanik, nolako Txanogorritxo nahi duten landuko dute. Azkenik, egitasmoa borobiltzeko, abenduan, basoari helduko diote: ‘Basoa’. Hil honetan zuhaitzak eta km0 kontzeptua landuko dute.