Badator Txingudi Korrika
Txingudi Korrikaren 23. edizioa urriaren 1ean izango da. Aurkezpena egin berri, dagoeneko dena prest dute antolatzaileek.
Hilaren 13an Txingudi Korrikaren 23. edizioa aurkeztu zuten, Hendaiako Udaletxean. Bertan izan ziren Jean-Michel Arruabarrena, Kalixa Silanes eta Borja Olazabal, Hendaiako, Hondarribiko eta Irungo udaletxeetako ordezkariak, Iñigo Eseverri Bidasoa Atletiko Taldetik, Mikel Calbete Urpean-etik, Pilar Fuertes patzuergoaren ordezkari gisa eta Ane Zabala, Salto Systemseko marketing arduraduna. Joseba Garcíak, babesle nagusia den Urme eraikuntza enpresaren ordezkariak ezin izan zuen bertaratu.
Urriaren 1ean leku hartuko duen lasterketak ohiko ibilbidea izango du. Hendaian Florida kaitik abiatu, Irundik igaro eta Hondarribian amaituko da ohi bezala.
Izen ematea online, kirolprobak-en webgunean, zein presentzialki Bidasoa Atletiko Taldearen bulegoan egin ahal izango da. Prezioa 15 eurokoa izango da. Egunean bertan ordea, 20 euro izango dira. Dortsalak hilaren 30etik aurrera hartu ahal izango dira Mendibil Merkataritza Gunean 18:00etatik 21:00etara.
Bi urteren ondoren, txikienek beren proba berreskuratuko dute. Txingudi Korrikaren egun berean, goizean izango dute hitzordua Gal Stadium-ean. Helduen edizioan bezala, izen emateak kirolprobak-en webgunean izango dira. Parte hartzea doan izango da.
Halaber, aurkezpenean, egunean bertan probara iristeko Hondarribitik Hendaiara igarotzen den barkua martxan izango dela gogorarazi dute eta inskripzioa egiterako unean tokia erreserbatu ahal izango dela jakinarazi dute. Bidaiak 2 euro balio ditu.