Batzar Nagusietara eraman du Elkarrekin Gipuzkoak abuztuko trafiko arazoak
Bidegik eta ASF enpresen arteko akordioa ea zergatik ez duten bete jakin nahi du alderdi morearen Gipuzkoako ordezkaritzak.
Elkarrekin Gipuzkoak, abuztuan zehar Irunen egon den trafiko buxaduraren aurrean, Markel Olano ahaldun nagusiak eta Aintzane Oiarbide bide azpiegituretako diputatuak Bidegiren jarduketagatik idatziz erantzuteko eskatu die Batzar Nagusiei. Alderdi moreak dioenez ez dute Biriatuko ordainlekuko hesiak altxatzeko akordioa bete-eta.
Joanes Fiel bozeramailearen hitzetan egoera asko larritu da, eta akordio ez betetzeak eragin du neurri batean. Bada, Batzar Nagusietan politikoei galdegin die azalpenak emateko, ” azal dezatela zergatik gertatu den hainbeste arazo eragin dituen ez-betetze hori, hainbeste egunetan, mugako pasabidean eta Irunen, kolapsatu egin baita, bide alternatiboen saturazioaren ondorioz”.
Idatziz erantzuteko galderak dira luzatutakoak: “zein da, zehazki, 2008ko maiatzean Bidegirekin eta Frantziako autobideen emakidadunarekin lortutako akordioa trafiko-elur-jausien edo zirkulazio- arazo larrien kasuan? Nork erabakitzen du hesiak ireki behar direla? Zergatik ez ziren hesiak ireki? Etorkizunerako neurriak hartzeko asmoa duzue? Zeintzuk?”
Fielen esanetan herritarren ezinegona eta etsipena partekatzen dute, eta beharrezkotzat jo dute erakunde eskudunek lan egitea Irun jasaten ari den arazoa konpontzeko, “denbora luzean jarraitzeko aukeraren aurrean”, gaineratu du.