"Ondo pasatzeko borondateak eta giro onak hartu dute protagonismoa"
Abotsanitz taldeak Hondarribiko Jai Nagusien inguruko balorazioa egin du. Orokorrean taldea pozik agertu bada ere, zenbait kritika egin dituzte.
Jaiak amaitu zirenetik zenbait egun pasa diren honetan, Abotsanitz taldeak jaien balorazioa egin du.
Zenbait alorretan pozik agertu da taldea, eta beren ustez “ondo pasatzeko borondateak eta giro onak hartu dute protagonismoa”. Bi urteren ondoren jai jendetsuak izan diren arren, intzidentziarik gabe igaro direla positiboki baloratu dute, nahiz eta eremu seguruak “gehitzen eta indartzen” jarraitzea beharrezkoa dela uste duten. Bestalde, hilaren 8a, azken 25 urteetako egunik “zirraragarriena eta politena” izan dela azaldu dute, baina konponbidearen bidean, bide onetik doazela uste duten arren, oraindik “egiteko asko” dagoela uste dute.
Beste alorretan, ordea, zenbait kexa eta salaketa egin nahi izan dituzte. Jaien bitartean zenbait ardura “ahaztu” egin direla uste dute; birtziklapena esaterako. “Bestondoak ia egunero plastiko alfonbra bat” utzi dute, eta jaien gune nagusia ur ertzetik gertu egoterakoan plastiko horietako askok bertan amaitu dutela salatu dute. Eta guzti hau, “ontzi-itzulgarrien kanpaina martxan izanik”. Kanpainaren inguruko hausnarketa bat egin beharko litzatekeela iritzi dute beraz.
Hortaz gain, komunen eskasia eta horrek eragiten dituen kalteak kritikatu dituzte: jendeak beharrak nonahi egitea, usain txarrak, eta neskak egoera zaurgarrian uztea, esaterako. Komunez gain, aparkalekuen egoera ekarri dute gogora, “egun hauetan eta lanera joan behar izan direnak gorriak ikusi dituzte etxera bueltan kotxea modu txukunean uzteko”.