Lehengoratzeko eskatu dio Eguzkik udalari Zaldunbordako haltzadia
Duela hiru urte bota zuten bertako habitata merkataritza gune handi bat egiteko. Horren harira, Ingurumen Sailak txosten bat egin duela dio Eguzkik baina ez dakitela ea espedienterik ireki den.
Zaldunbordan duela hiru urte legez kanpo botatako haltzadi habitata lehengoratzeko proiektua idatz dezan eskatu dio Eguzkik Hondarribiko Udalari. Lan horiek egiteko sasoia negua dela aproposena dio talde ekologistak.
Merkataritza gune erraldoi bat eraikitzeko asmoarekin bota zuten haltzadia baina lan horiek bertan behera utzi behar izan zituzten, EAEko Auzitegi Nagusiak HAPOa ezeztatu zuelako. Beraz, merkataritza gunea legezko babesik gabe geratu zen.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak haltzadia zaindu egin behar zela azaldu zuen, Europar Batasunak “lehentasunezkotzat” jo baitzituen haltzadiak. Talde ekologistak sailaren txostena kaleratu du eta era honetan laburbildu du: “Ingurumen Sailak eskatu zuen haltzadiarekin tentuz ibiltzeko, lehentasunezko habitat izateaz gain, Lurraldea Antolatzeko Jarraibideek Aiako Harria eta Jaizkibel bitartean ezarritako korridore ekologikoaren parte ere bazelako. Baina tentuz ibili ordez, bota egin zuten, erabat bota ere”.
HAPO berri bat idazten ari dira eta tramitazio horretan derrigorrezkoa dela Ingurumen Ebaluazio Estrategikoaren barruan Ingurumen Sailak txosten bat egitea diote. Bada, lanketa horretan nahi du Eguzkik habitata berreskuratzeko eskaera sartzea.
Proiektua ez zela ontzat eman jakinda, administrazioak oso pasiboak eta permisiboak izaten ari direla ingurumenaren aurkako erasoen aurrean salatu dute ekologistek. “Gogoan izan kasu honetan ondare garrantzitsu batez ari garela, hain zuzen, lehentasunezkotzat jotako habitat batez, eta Aiako Harria eta Jaizkibel bitartean Lurraldea Antolatzeko Jarraibideak ezarritako korridore ekologikoaren zati batez”.
Atentatu ekologikoa izan zela diote eta eragotzi beharra zegoela argi dute. Haltzadia ez zutela urruneko eta ezkutuko batean bota, momentu horretan arreta jartzen ari zitzaion habitatari eraso egin ziotela gaineratu dute. Egun, ez dakitela ea administrazioren batek espedienterik ireki duen edota eraistea dagokion araudiaren arabera kalifikatu duten deitoratu dute, ezta ea erantzuleak modu formalean identifikatuta dauden ere ez. “Txostenak ez du hori argitzen”.
Haltzadia bota izana ezin dela zigorrik gabe geratu uste dute. “Bada nahiko zantzu Zaldunbordan egindakoak Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko 33/2015 Legea urratu duela ondorioztatzeko. Horrela bada, Lege horretan aurreikusitakoaren arabera jokatu beharko litzateke”.