1,5 milioi euro, aurrekontu parte hartzaileetan bozkatzeko
Proposamenak egiteko hiru bide daude eta aste honetan jarriko dituzte martxan. Aurten ere gazteentzako partaidetza aurrekontua sortu dute.
Aurrekontu parte hartzaileen aurkezpena egin du gaur Monica Martinez, Parte Hartzerako ordezkariak. Zortzigarren edizio honetara 1.500.000,00 euro bideratu dituzte, horietatik 1,3 milioi euro 16 urtetik gorakoentzako egindako prozesu orokorraren bidez erabakiko da zertan erabili; 200.000 euro gazte prozesuan erabakitakoan, 16 eta 30 urte bitartekoek hautatuko dutena.
Lehenik, proposamenak bildu nahi dituzte. Horretarako hiru bide irekiko dituzte: online, aurrez aurreko saioak eta auzoetan jarriko dituzten karpetara gerturatzea. Bozketara hemeretzi proiektu iritsiko dira, hiru bideetatik ateratakoak eta bakoitzaren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa aztertutakoan. Hogeigarrena Oiaso 2000 Irungo Auzo Elkarteen Federazioak aurkeztuko du, hiri osora begirako ideia izango da eta hiriko auzo elkarte guztiekin adostutakoa.
Finalera iritsi diren proposamenak urriaren 20tik 26era bozkatuko dira udalaren orrialdean eta horiek jasotzeko hiru bideak eta haien ordutegiak honako hauek dira:
1- Udal webgunean. Atari honetan aurkezten diren guztietatik zortzi aukeratuko dituzte bozketa bidez eta finalerako sailkatuko dira. Proposamen horiek bide honetan egiteko epea irailaren 16an hasiko da eta irailaren 19an bukatu. Finalera sailkatzeko bozketa, urriaren 13tik 17ra izango da.
2- Aurrez aurreko bilerak. Bi bilera egingo dituzte eta orotara sei proposamen aterako dituzte. Bozketa bidez aukeratuko dute zein eraman finalera. Lehen batzarra hilaren 15ean egingo da Palmera Montero guneko 2. aretoan 19:00etan; bigarrena, Luis Mariano zentro sozialean 19:00etan irailaren 26an.
3- Auzoetako partaidetza karpak. Zortzi auzoetan jarriko dituzte proposamenak egiteko mahaiak, jende asko ibiltzen den toki eta orduetan, irailaren 16tik 24ra bitartean. Jasotako ideietatik bost aukeratuko dituzte, online bozketa eginez. Gero, azken bozketa pasa beharko dute bost eskakizun horiek 2023ko aurrekontu orokorretan sartzen diren ikusteko. Ordu eta egun hauetan egongo dira:
- San Migel, Pinudi eta Antzaran. Irailaren 16an 18:00etatik 20:00etara, San Migel plazan.
- Artia eta Behobia. Irailaren 17an 11:00etatik 13:00etara, J.M.Franco kalearen pareko autobus geltokiaren ondoko bidegorrian
- Dunboa eta Santiago. Irailaren 19an 18:00etatik 20:00etara, Osinbiribileko biribilgune-plazan.
- Anaka, Puiana eta Urdanibia Berri. Irailaren 20an 18:00etatik 20:00etara, Pedro de Aristegi Enbaxadorea plazan.
- Belaskoenea, Elitxu eta Lapitze. Irailaren 21ean 18:00etatik 20:00etara, Pio XII plazan.
- Katea. Irailaren 22an 18:00etatik 20:00etara, Auzo elkartearen aurrean.
- Arbes, Meaka eta Ibarla. Irailaren 23an 18:00etatik 20:00etara, Nagore Laffage parkean.
- Erdigunea, Alde Zaharra eta Larreaundi. Irailaren 24ean 11:00etatik 13:00etara, San Juan plazan.