[Argazki galeria] Berezko izaerara itzuli zen Expogrow
Murrizketarik gabeko Expogrow egin zuten asteburuan Ficoban eta Turbulence jamaikarrak eskaini zuen kontzertu nagusia.
Expogrow egin dute Ficoban irailaren 9tik 10era, berriz irailean egitera berreskuratuz eta pandemiagatik ezarritako araurik gabe. Bigarren egunean kontzertuak izan ziren protagonista. Anthony B zen kartel burua baina bere herrialdetik ateratzeko arazoak medio, Turbulence jamaikarrak ordezkatu zuen. Beste kontzertuei eutsi egin zieten eta French Touch Squad frantziarrak eta Iseo & Dodosound nafarrak igo ziren oholtzara.
Fernanda de la Figuera aktibista andaluziarra omendu zuten Expogrow saria emanez urteko aktibista gisa. Marihuanaren erregulazioaren alde aritu zen urte luzez lanean eta apirilean hil zen. Asociación Ramon Santos de Estudios del Cannabis de Andaluciaren (ARSECA) sortzailea izan zen eta Espainiako lehen marihuana dastaketa antolatu zuen Cordoban. Marias por Maria elkartea ere sortu zuen, mina arintzeko kalamua hartzea behar zuten emakumeentzat.