Proposamen zehatzik ez dute jaso gaurko bileran garbitzaileek
Greba mugagabearekin jarraituko dutela erabaki dute, eta sindikatuak dio ez dutela adar jotzerik onartuko. Hurrengo batzarra hilaren 13an izango da.
Udal azpikontratatutako garbitzaileek bilera eduki dute ISS enpresako ordezkariarekin PRECOn, greba mugagabea hasi berri dutenean. Enpresarekin ekainaren 29an elkartu ziren lehen aldiz eta proposamenik ekarri ez zutenez, baldintzak hobetzeko borrokan jarraitu dute.
Esku hutsik agertu direla enpresako ordezkariak salatu du ELAk. “Proposamen konkretuak eskatu dizkiegu langileek, eta beraiek proposamen lausoak eskaini dituzte”. Hortaz, grebarekin aurrera jarraituko dutela jakinarazi dute.
Datorren hilaren 13an dute hurrengo bilera eta ISSk proposamen zehatza ekarriko duela adierazi dietela dio sindikatuak. Aurreratu dute ez dutela adar jotzerik onartuko: “Gatazka gehiegi luzatzen ari da, eta akordio borondatea egongo balitz, modu azkarrean lor zitekeen”.