[Erreakzioak] Izaskun Landaida: "Itxaropentsua iruditzen zaigu plastiko beltzak ez agertzea"
Erakundeetako hainbat ordezkarik adierazpenak egin dituzte 2022ko desfilea amaitu bezain pronto.
Oihana Etxebarrieta. Jaizkibel Konpainiako kapitaina.
“Gaurkoa alkateari enplazamendu bat egiteko eguna da: eskatzen diogu hilabeteko epean elkarrizketa mahai bat jar dezala, bera izan dadila hori martxan jartzeko lidergoa hartuko duen pertsona. Fruiturik eman ez duten hainbat saiakera izan dira, eta uste dugu herriak hori eskatzen duela, eta badela garaia alardearen inguruan agente garen kide ezberdinak bildu, eta elkarrizketa prozesua abian jartzeko. Hilabeteko epean egin dezala eskatzen diogu alkateari”.
Izaskun Landaida. Emakundeko zuzendaria.
“Gure babesa adierazten diogu Jaizkibel Konpainiari berriro ere gaurko urte berezi honetan, 25 urte betetzen dituen egunean. Eskerrak eman egindako lan guztiagatik eta haien konpromisoagatik, hori nabarmendu egin behar da. Tradizioak testuinguru konkretu batean sortuak dira baina garai berrietara egokitu behar dira. Egokitze prozesu hori ez da tradizioaren kontra egitea baizik eta emakumeei eskubide berbera ematea, beraz, aberastea. Hau esanda ikusi dugu zelan hainbat herrietan aldaketak egiten ari direla eta hemen ere Jaizkibel Konpainia ikusi dugu itzela izan dela, inoiz baino jende gehiagok parte hartu duelako. Zentzu horretan itxaropentsua iruditzen zaigu plastiko beltzak ez agertzea. Beste alde batetik, Guztion Alardearen ekimena, gazteen artean proposatutako ekimena ere bai, guzti guztiontzat alarde baten alde egin dutelako. Momentuz hori da egiten dugun balorazioa. Espero dugu lanean jarraitu ahal izatea errealitatea izateko emakumeen parte hartzea alardean”.
Maddalen Iriarte. Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko bozeramailea.
“Hondarribiar guztiei opa nahi diet beraien festa egun handi honetan pasa dezatela egun eder bat. EH Bilduko emakume eta gizonak beste urte batez Jaizkibel Konpainiari gure babesa ematera etorri gara, 25 urte hauetan egin duten lanagatik, egin duten borrokagatik askatasunaren alde eta jaiak guztion artean ospatu eta gozatzeko egin duten lanagatik. Iruditzen zaigu Euskal Herrian hainbat eta hainbat tradizio XXI. mende honetan eguneratu direla, baina oraindik ere badaude min egiten dizkiguten hainbat gune eta horietako bat Hondarribia da. Iruditzen zaigu berdintasuna den oinarrizko eskubide bat urratu egiten dela. Eskatzen diogu Hondarribiko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari urraketa honi amaiera jar diezaiela. Amaiera jarri ezean matxismoa eta autoritarismoa bultzatzen ari direlako. Gaurkoa hasi dudan bezala bukatu nahi nuke, poz giroan. Jaizkibel Konpainiak urte guzti hauetan ekarri digun poz hori azpimarratu nahian, berdintasunean aurrera egiteko”.
Aitzone Araneta, Elkarrekin Podemoseko Donostiako zinegotziak, Hamaika telebistari adierazi dionak.
“Oraindik are eta aurrerago joan behar dugu gizarte honetan oinarriak izan behar duelako berdintasuna, eta berdintasunak dakartzan gauza guztiak. Beraz, etorkizunean ez genuke ikusi beharko bi alarde bakoitza bere aldetik, baizik eta alarde bakar bat. Pausuak pixkanaka-pixkanaka ematen eta gaurko egunean badaude zoriontzeko arrazoiak ere”.
Arantza Gonzalez. Ezker Anitza Gipuzkoako koordinatzailea.
“Ezinbestekoa da erakundeek eta instantzia politikoek entzungor ez egitea gizartearen berdintasun-eskaerei, eta berdintasunezko alarde bat defendatzea, emakumeek berdintasunean desfilatu ahal izan dezaten. Herritar guztiak animatzen ditut ahaleginak areagotzera, herritar guztiek berdintasunezko jaiez goza dezaten eta ahalik eta azkarren alarde bakarra izan dezagun”.