Tasen eta zergen prezioa bere horretan mantenduko ditu udalak
Inflazioa eta Ukrainaren inbasioak Europan duen eragina kontutan izan dutela adierazi du Elkarrekin-Podemosek.
Urrian tasa, zerga eta prezio publikoak kobratzen ditu Irungo Udalak eta aurten ere horiek izoztea erabaki dutela jakinarazi du Elkarrekin-Podemosek. Arrazoia, Ukrainaren inbasioa eta Europa jasaten ari den horren kaltea, inflazioa eta bizitzaren garestitzea dira. Beste urteetan COVIDaren krisiaren ondorioagatik ez zituzten ez igo ez jaitsi.
Ahalegin guztiak egiten ari direla betiko jendeak ordaindu ez dezan adierazi dute, “hori ez gertatzeko ahal den guztia egiteko betebeharra gurea da”. Talde morea herritarrei egonkortasuna ematen eta udal politika aurrerakoi eta eta sozialetan eragiten dabilela dio.
Zergak izoztuko dituztela esan dute, eta laguntzak, diru laguntzak eta hobariak handitu egin behar direla iritzi dute. “Gure esku dauden bitartekoekin eta ditugun udal eskumenekin aurre egin behar zaie bidegabeko egoera orori”.
Ongizatea aldatu ez dadin beharrezko akordioak lortu behar dituztela dio David Nuño zinegotziak. “Hori lortzeko modu bakarra da gobernu aurrerakoi eta sozial batek bistatik ez galtzea, ez herritarrak ezta horien inguruko inguruabarrak ere, inguruabar horiek askotarikoak baitira”.
Etxebizitza Hutsaren Kanona ezaratzeko konpromisoa gogoratu du Nuñok. Iazko urriko osoko bilkuran kanon hori ezartzeaz hitz egin zuten, Irunen alokairuko etxebizitzak mobilizatzeko helburuarekin. Halaber, justiziaren epaiaren zain daudela diote, hiriko lurzoru publikoa negozioetan erabiltzen duten eta horregatik ordaintzen ez duten enpresa handiei gas garraioaren eta linea elektrikoaren gaineko zerga ezarri ahal izateko. “Espero dugu zerga laster aplikatu ahal izatea gasaren garraioari eta elektrizitate enpresei, tinko jarraitzen baitugu neurri horiek aurrera eramateko asmoan”.