[Argazki galeria] Gaztetxoak jaiei ongietorria ematen lehenak
Koloretako konfetien eta puxiken artean hasi dute haurrek festa. 2013 urteko Lide eta Peio izan dira aurtengo pregoia ematearen arduradunak.
Hasi dira Hondarribiko jaiak, eta gaztetxoak izan dira hain zuzen jaiei ongietorria ematen lehenak. Alde Zaharra kolorez, irribarrez eta jai giroz bete dute. 10:50etan Hondarribiko pregoi txikia kantatu eta ondoren, pregoia bota dute Lidek eta Peiok, 2013 urteko haurren ordezkaritzan. Gogoan izan dituzte, halaber, 2011 eta 2012 urteko haurrak. Izan ere, galdutako bi urte hauetan beren txanda izan baita.
“Bi urte luzeren ondoren aurten baditugu jaiak!” oihukatu du Lidek. “Ongi pasatzeko prest?” galdetu die bertaratu diren guztiei Peiok. Kale Nagusian “bai!” ozen batekin erantzun diote haurrek. Hondarribiko gaztetxoak jaietan ongi pasatzeko irrikaz agertu dira.
11:00etan bota dute txupinazoa, jaien hasieraren iragarle den suziria. Ondoren, udaletxeko balkoitik bota dituzten konfetiekin eta puxikekin jolasean aritu dira haurrak, zezen puzgarrien txanda heldu arte.
11:30ean San Fermin patroiari abestu eta urduritasuna azaleratu da gaztetxoen begietan. Gora eta behera korrika eta garrasika hasi dira zezenak noiz askatuko zain. Animaliak solte utzi bezain laster, Kale Nagusian gora eta Alde Zaharretik barrena, korrika aritu dira.
Hona hemen gaur goizeko zenbait argazki: