[Argazki galeria] Hondarribiarrak, bizirik Kontxan
Mutilek nagusitasunez irabazi dute euren txanda, baina bigarren izan dira, Urdaibaitik 7 segundora. Neskek ere euren txanda poltsikoratu dute, hirugarren izan dira, eta ohorezko txandan ariko dira.
Giro aparta egon da Donostian Kontxako Banderaren lehen jardunaldian. Eguraldia lagun, jendetza bildu da kaiaren inguruan arraunlariak animatu eta bultzatzeko. Jendeak estropada eta jai giro gogoa du, eta zaleek ezin hobe erantzun dute. Txarangez eta abestiez lagunduta, babes ikaragarria eman diete arraunlariei, eta emozioz beteriko une mordoa bizi izan dira kaian. Eskualdeko ontziek, gainera, emaitza onak lortu dituzte.
Kirol emaitzei dagokionez, oarsobidasoko traineruak bizirik dira eta aukerekin ekingo diote bigarren igandeari. Gizonetan Hondarribia bigarren izan da garaile izan den Urdaibaitik 7 segundora. Lehen txanda nagusitasunez irabazi badute ere, hondarribiarrek ezin izan dute garaipena lortu. Emaitzak ikusita, Kontxako Bandera Urdaibai, Hondarribia eta Donostiarraren artean egongo dela dirudi, 7 segundoko tartean geratu baitira hiru ontziak. Datorren igandeko lehia zirraragarria izango da, eta hondarribiarrak bandera eskuratzeko aukerak izanik aterako dira uretara.
Emakumeetan Hondarribia eta Hibaika lehen txandan irten dira, eta Ama Guadalupekoa ontziak ezarri du denbora onena, Hibaika hirugarren izan delarik, Hondarribitik 7 segundora. Bigarren txandan, baina, bi faborito nagusiak itsasoratu dira: Orio eta Arraun Lagunak, eta ez dute huts egin. Lehia bizia izan dute bi ontzien artean, eta azkenean Orio nagusitu da, Arraun Lagunaki 2 segundo aterata. Emaitza orokorrei erreparatuz, Hondarribia hirugarren izan da Oriotik 12 segundora, eta bigarren jardunaldian ohorezko txandan izango dira. Hibaika, berriz, seigarren izan da, garailetik 20 segundora. Kaian antzeman denez, bi ontzietako arraunlariek pozik bukatu dute lortutako emaitzekin.
Hona hemen goizak utzi dituen zenbait argazki: