Podemos Irunek Jaizkibel Konpainia babestu du
Irantzu Varelak gaur jasoko du Jaizkibel Konpainiaren Hondarribia Berdintasunaren Hiria saria, eta bertan izango da moreen ordezkaritza.
Podemos Irunek babesa adierazi dio Jaizkibel Konpainiari, eta Konpainiak antolatu dituen ekintzetan eta harreretan parte hartuko duela azaldu du. Hain zuzen, gaur banatuko du Jaizkibel Konpainiak Hondarribia Berdintasunaren Hiria saria. Irantzu Varela izango da aurtengo saritua, “urte guzti hauetan berdintasunaren alde egin duen lan guztia eskertu eta Jaizkibel Konpainiari eskainitako babesa” dela eta.
Ekitaldia Itsas Etxea Auditoriumean izango da, 19:30ean, eta bertan izango da Podemos Irungo ordezkaritza: David Soto legebiltzarkidea eta Podemos Euskadiko Antolakuntza idazkaria; David Nuño Irungo Udaleko Udal Taldeko bozeramailea, bigarren alkateordea eta Gizarte Ongizateko ordezkaria; Miren Etxebeste Berdintasun eta Euskara ordezkaria eta Eukene Lopez Podemos Irungo bozeramailea.
Era berean, uztailaren 8an Jaizkibel Konpainiari egingo zaion harreran ere parte hartuko duela adierazi du alderdi moreak.