Aire zabaleko pintura saio bat, Aiako Harrian
Irailaren 10ean egingo da Lapurriturrin eta Urkiri Salaberria doktoreak paisaia eta hura osatzen duten elementuen irakurketa eskainiko du.
Aire zabaleko pintura saio bat egingo dute Aiako Harriaren inguruan, Lapurriturriko informazio guneak antolatuta. Udazkeneko koloreak aprobetxatzeko garaia izango den honetan, ibarrak, mendiak, basoak, landareak, animaliak eta paisaiak lantzeko aukera egongo da.
Urkiri Salaberria, Arte Ederretan doktoreak paisaia eta bere elementuen irakurketa estetikoa egingo du. Horrez gain, tontorreko marrazkiaren txantiloi bat eskuragarri izango da, eta marrazteko margoak eta euskarriak norberak eraman beharko du.
Irailaren 10ean Lapurriturri-Erlaitz informazio gunean elkartuko dira 10:00etan eta 12:00ak arte egongo dira gutxi gorabehera. 20 plaza daude eta izena emateko udalaren orrialdera jo behar da. Mendiko arropa, ura eta hamaiketakoa eramatea gomendatu dute.