[Erreportajea] Jaizkibel aurrera, konponbidea geldirik
Alardean parte hartzeko aukerarik gabe desfilatuko du berriz ere Jaizkibel Konpainiak. Hala ere, azken urteetan herritarren onarpena handitu denaren sentsazioa du Oihana Etxebarrieta kapitainak.
Alarderik gabeko bi urte pasa dira, baina Jaizkibel Konpainia horregatik ez da geldirik egon. Oihana Etxebarrieta konpainiako kapitainak azaldu du egoera normal batean desfilatuko balute, konpainiaren antolakuntzara mugatuko litzatekeela haien lana, baina tamalez,
oraindik asko dutela borrokatzeko. Hori horrela, konponbidea iristen denerako momentua baliatzen saiatzeko lanean ibili direla argitu du. Bide horretan, iaz, 2022ean 22. konpainia izateko eskaera egin zuten. Babesa jaso badute ere, ez dute hori gauzatzeko arduradunen erantzunik jaso.
Egungo egoera «argi eta garbi» ez dela duela 25 urtekoaren berdina dio Etxebarrietak «baina oraindik ere ez dugu inondik inora gure sorreraren arrazoi hori zena lortu». Pandemia garaia tentsioak baretzeko eta elkarrizketa norabidetzeko urteak izango zirela uste zuten Jaizkibelgoek, baina haien sentsazioa da aukera bat galdu dela. Udala eta solasaldiak bideratu ditzaketenak elkarrizketak izateko espazio formalak sortzen saiatu direla dio Etxebarrietak, baina ez dela guztiz lortu azaldu du.
Hausnarketarako espazio informalak eratu direla onartu du, eta horretan bi urte hauetan sortu diren eragile berriak ere aritu direla. Horren aurrean, Jaizkibelek beti adierazi duen asmoari jarraiki, elkartzeko proposamen guztiei baiezkoa eman dietela nabarmendu du, hala nola, alkatearekin, Guztion Alardearekin, Abotsanitzekin edota EH Bildurekin batu direla esan du. «Elkarrizketa batzuk aberasgarriak izan dira eta beste batzuk ez. Denetan egon gara».
Espazio informaletan egon direnean herriaren egunerokotasunean, lagun artean eta familietan geroz eta gehiago hitz egiten dela auziaz uste du Etxebarrietak, baita askatasun gehiagoz ere, «hainbat eta hainbat mito eta gertakizun apurtzeko aukera gehiagorekin. Bereziki gure historiari dagokionean». Solasaldi gehiago sortu izanak, elkarrizketaren eta konponbidearen alde nortzuk egon diren, eta nortzuk jarraitzen duten pentsatzen gatazka honek izan behar duela herriaren festa egun nagusia ikusteko balio izan duela ere iritzi du. «Guk jarraitzen dugu defendatzen ospakizun bat eta bakarra herri osoarentzat eta herriari itzuliko zaion festa izan behar dela, hau da, Alardeak publikoa izan behar duela».
25 URTEKO KONPAINIA
Sare sozialetan Jaizkibel Konpainiaren historiaren efemerideak jasotzen ari dira, urtez urte. Memoria ariketa hori noizean behin egitea garrantzitsua dela dio kapitainak, «jakiteko nondik gatozen eta zenbat gauza pasatu diren, bereziki hainbat mito eta asmakizun sortu dituen gatazka baten aurrean». Aldi berean, aurrera egiteko atzera etengabe begiratzen egoteak, horretan iltzatzeak, zailtasunak eta oztopoak jartzen dituela adierazi du Etxebarrietak. «Gure hasierako helburu horrekin jarraitzen dugula irudikatzen laguntzen digu, ordea».
Gogorarazten ari diren gauzen artean konpainiaren kontra egindakoak nahiz lorpenak daude, eta horretarako, artxibo lan inportantea egin dute. «Gotzone Elu argazkilariari eskerrak ematea dagokigu, berak zuen artxibo fotografikoan arakatzen utzi baitigu. Eluz gain, gurekin ibili den Gari Garaialde ere aipatu behar da». Batez ere konpainiako gazteenen erantzunak jaso dituztela jakinarazi du: «‘Hau etxean ez zidaten horrela kontatu’ eta horrelakoak jaso ditugu, adibidez. Orain ikusten ari direnarekin jabetzen ari dira beste kontu batzuetaz».
Urteurrena ere ospatuko dute, urri amaieran. Xehetasunak gaur emango dituzte Hondarribia Berdintasunaren Hiria Sariaren banaketan. Ospatzeko gutxi eta asko dute kapitainaren esanetan, borrokan daudela ez luketelako esan nahi oraindik. Beste konpainiek dituzten urteurrenen gisa nahi lukete festa egin, baina egoera ez da hori. Horregatik haserre puntu bat ere irudikatuko dute. «Argi dago urtetik urtera geroz eta gehiago garela, onarpen sozial handiagoa dugula, gehienentzako beste konpainia bat garela, eta hori ospatu behar da». Dena den, emakumeak Alardean oraindik ez daudela ikusirik, herriak sutan egon behar lukeela dio Etxebarrietak.
HONDARRIBIA HIRIA SARIA
Irantzu Varela kazetari eta feministak jasoko du aurtengo Hondarribia Hiria Saria gaur, Jaizkibel Konpainia Kale Nagusian babesten urteak daramatzalako, eta bereziki, feminismo eta berdintasunaren dibulgatzailea delako. «Ahotsa eta presentzia erabili izan ditu berdintasunaren eta feminismoaren aldeko mezuak zabaltzen jarraitzeko». Horrez gain, azken urteetan Varelak jasandako eraso ia fisikoen aurrean babesa eta elkartasuna emateko modu bat izango da saria. Saridunak izango ez diren arren, Euskal Herriko Mugimendu Feminista eskertu nahi izan du, haien lanari esker aurrera doazelako eta eragin hori ezin ukatzekoa da Etxebarrietaren hitzetan.
Sariaz, kapitainak nabarmendu du aurten proposamen asko jaso dituztela eta horrek sariari garrantzia ematen zaiola adierazten duela. «Ikusten dugu sari honi garrantzia ematen zaiola. Jaizkibelek berau martxan jartzeko erabakia hartu zuenean, bazen nolabait elkartasun eta feministen aurrera urratsen lanak herrian ere bai eragina duela erakusteko modu bat. Baita kanpotik eta ingurutik egiten den orok ere berdintasunean alde eragina duela».
ENTSEGUAK
Hilaren 3, 4 eta 5ean egingo ditu Jaizkibelek entseguak. Lehen egunean Hondartza kiroldegitik abiatuko dira. «Geroz eta konpainia handiagoa gara eta aldaketa txiki bat sartzea interesgarria izan zitekeela pentsatu dugu». Era horretan, entseguak lasaitasunez eta bide zabal batean egingo dituzte. Hurrengo bi entseguak, Bitoriano Juaristin hasiko dituzte, denak ala denak, 20:00etan.