Irantzu Varelak ia malko artean jaso du berdintasunaren zapia
Hondarribia Berdintasunaren Hiria Sarietan jarrera berdintzailea eta feminista saritu nahi izan dute.
2015ean Jaizkibel Konpainiak sortu zuen Hondarribia Berdintasunaren Hiria Saria, hain zuzen, Hondarribia plastiko beltzaren hiria bezala ezaguna egin zelako eta “batzuek zikindutako izena garbitu” nahi zutelako. Harrezkero zortzi urte pasa dira.
Sariaren epaimahaia Garbiñe Biurrunek, Maddalen Iriartek, Nieves Alzak, Iñigo Lamarkak eta Xabier Lapitzek osatu dute.
Lehenik Garbiñe Biurrunek hartu du hitza. Orain arte, taldeak, erakunde publikoak, pertsonak eta ekimenak saritu dituzte, baina aurten zuzenean sorburura jo nahi izan dute: feminismora, eta berdintasunaren eta askatasunaren defentsara. Eta hori da hain zuzen, Irantzu Varelak (kazetari feministak) gorpuztu duena gaurkoan. Bere ideiengatik eta horiek adierazteko moduagatik saritu dute.
Ondoren, Maddalen Iriartek, Biurrunen hitzekin bat egin eta Varelari saria ordezkatzen duen zapia ipini dio. Irantzu Varelak ia malko artean jaso du berdintasunaren zapia eta eskerrak emanez hasi du hitzaldia; 25 urtez indarkeria jaso dutenei eta kaleak hartu zituztenei.
Urte guzti horietan zapaltzaileen aurka borroka egin dutenei eskerrak emateaz gain, “gorroto dituztenei” zorrotz kritikatu die: “berdin zaie Guadalupeko Ama Birjina, 1638an Frantziar tropen atzera egitea, zehaztasun historikoa eta herri hau. Biolentzia, opresio eta harrapatuta mantentzen gaituen misoginia diskurtsoa mantentzea axola zaie. Soilik, zerbitzatzeko eta apaintzeko balio duen feminitate batean”.
Diskurtsoarekin amaitzeko Hondarribiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza seinalatu ditu. Haren ustez, “indarkeria matxista eta genero-ezberdintasuna eragozteko aginte instituzionala dute, eta herri honetan hori egiten ari ez direla salatu du. Aldi berean eliza ere aipatu du, “pribilegioen konplize” izateagatik.
Ekitaldiarekin amaitzeko lorategi bat irudikatu dute Jaizkibel Konpainiako generazio ezberdinek eta eszenatokia lorez bete dute. Era honetan “Jaizkibelen loratzea” irudikatu dute, izan ere, aurten konpainiaren 25. urteurrena baita. Hori dela-eta, urriaren 22an ‘Hondarribia Loratzen’ deituriko ekimenarekin ospatuko dute urteurrena. Egun osoko egitaraua prestatu dute: lehenik ibilbide historiko bat egingo dute. Eguerdian herri bazkaria antolatu dute eta ‘loraldia’ amaitzeko kontzertuak eskainiko dituzte. Sari banaketa amaitu bezain laister ipini dituzte salgai herri bazkarirako sarrerak, baina hiru entseguen hasieran ere erosteko aukera egongo da.