Hondarribiak badu jaien egitaraua
Guztira 95 ekintza antolatu ditu Hondarribiko Udalak osasun egoeraren ondorengo lehen jaietarako.
Datorren astean hasiko dira Hondarribiko jaiak eta dena prest dago dagoeneko. Aurtengo jaiak bereziak izango dira, izan ere pandemia dela-eta, bi urtez segidan ez da jairik ospatzerik egon. Berezitasun horretaz kontziente da alkatea. Atzo egin zen jaien egitarauaren aurkezpenean jaiak ospatzeko “grin berezia” somatzen dela azaldu zuen, eta beraz, prestaturiko programarekin behar horiei erantzutea espero dute.
Aurten jai “normalak” izango diren arren igarotako guztia ahanzturan ez geratzea gustatuko litzaieke eta beraz, pandemiak “gehien kolpatu dituen pertsonak” gogora ekarri zituen alkateak. Ildo berean, herritarrei, elkarteei zein erakundeei eskerrak eman zizkien. Eta esker emateekin jarraiki, hilaren 7an, eguerdiko 12:00etan, udaletxean herriko zenbait elkarte eta erakunde gonbidatuko dituzte denbora horretan elkarrekin egindako lana eskertzeko. Suziri eta kanpai hotsekin batera jaiei hasiera ofiziala emango diote.
Halaber, indarkeria matxistarik gabeko jaiak nahi dituztela azpimarratu zuen Sagarzazuk. Edozein kasutan, udaletik prest dira edozein motako erasori aurre egiteko: “segurtasun dispositiboak prest ditugu, eta dagoeneko prebentzioa egiten ari gara Hondarribia Eremu Segurua martxan jarriz”. Hondarribia Eremu Segurua kanpainara hiriko hainbat taberna, elkarte eta establezimendu atxikitu dira eta pegatina more batez erraz ezberdindu ahal izango dira.
Alkatearekin batera Juan Luis Silanes Kultur zinegotziak aurkeztu zuen atzo aurtengo egitaraua. Guztira 95 ekintza antolatu dituzte aurtengo jaietarako eta zenbait berrikuntza izango dituen arren, gainontzeko urteetako antzekoa izango da. Aurrekontuari dagokionez, oraindik guztiz itxita ez badago ere, azken jaietan baina pixka bat gehiago izango da (3.010.000 euro inguru).
Egitaraua ikusteko joan agendara.