"Guztiona eta guztiontzat" den Alardea aldarrikatu dute
Gaur arratsaldean jende andana bildu da Gernikako Arbolan. Konponbideari babesa emateko nahia berretsi dute.
Hiru urteren ondoren Gernikako Arbolan topatu dira berriz ere. Orduko hartan bezala, herrian, Alardeak sortzen duen gatazkari konponbide bat emateko nahia berretsi dute Guztion Alardeak deitutako ekimenera gerturatu diren herritarrek.
Jendetza ikusteak “poztasuna eta indarra” eman diela azaldu dute Guztion Alardearen ordezkariek eta gaurkoa bezalako pausuak ematen jarraitzeko, gatazkan murgilduta dauden eragile eta instituzio ezberdinek, “konponbidea ekarriko duen bideari irmoki eta seriotasunez pauso zehatzak emanaz ekitea” espero dute.
Argazkiaren aurretik, 2019an hasi zuten ibilbidearen inguruko hausnarketa bat egin dute. Hiru urte hauetan gatazkari konponbide bat emateko bide berriak sortzen aritu dira eta nahiz eta Alardea ez den nahiko luketen “herri guztiaren ospakizuna izango”, konponbidea gero eta gertuago dagoela uste dute.
Hala eta guztiz ere, zenbait jokamolde errepikatzen dihardutela azaldu dute. Uda hasieran 64 emakumeren eskaera formala luzatu zioten udalari eta oraindik erantzunaren zain jarraitzen dutela salatu dute. Arazoaren konponbidean “erantzukizun zuzena” duela oroitarazi diote gainera.
Azkenik, bertaratu diren guztiei eskerrak eman eta jaietan “tentsioak” alde batera utzi, eta Alardea “modu baketsuan” bizitzeko deia egin dute eta jaien ondoren lanean jarraituko dutela ziurtatu dute.