Hondarribiko jaiei ongietorria emateko lasterketa
Jostaldi pilotalekutik abiatuko da Guadalupeko Igoera, bihar. Aldez aurretik izena eman ez dutenek, egunean bertan, irteera gunean egiteko aukera izango dute.
![](https://bidasoa.hitza.eus/site/files/2022/09/guadalupeko-igoera.jpg)
Abuztua atzean geratu da, eta dagoeneko hondarribiarrak irailari ongietorria emango dioten herriko jaien atarian daude. Biharko egunez, larunbatarekin, hainbat jarduera antolatu dituzte jaien aurreko modura, besteren artean tradizio handia duen Guadalupeko Igoera. Aurten, gainera, bi edizio zurian utzi ondoren, gogo biziz daude lasterkariak. 18:00etan hasiko da Laboral Kutxak babesten duen lasterketaren XLIII. ekitaldia.
Lasterketa berezia izaten da askorentzat. Zenbaitentzat uda atzean uzteko eta jaiak hasteko modua izaten da. Beste askorentzat, ordea, Behobia-Donostia prestatzen hasteko entrenamendua ere izan ohi da. Ibon Muñozek, Bidasoa Atletismo Taldearen (BAT) zuzendari teknikoak azaldu zuenez, uda osteko lehenengo erronka da, eta haientzat ere udazkenarekin batera hasiko den denboraldiaren abiapuntua izaten da, jaien ondoren zabaltzen baita Hondarribiko eta Irungo atletismo eskola.
Urtero 200 parte hartzailetik gora izaten ditu 4,72 kilometroko lasterketak (izen emateak gaurko 20:00etan itxiko dira, Kirolprobak plataformaren webgunean egin behar dira). Jostaldi pilotalekuan hasi, Zumardiranzko norabidea hartu, eta Txiplaotik igaroz ekingo Guadalupe igotzeari. Kirolariek 182 metro igo beharko dituzte Guadalupeko Santutegian helmugaratu arte. Bidean, hornitze puntu bat izango dute, eta santutegiaren atzealdeko zelaian indarrak berreskuratzeko betiko postuak jarriko dituzte: pizzak, txistorra, eta edariak eskainiko dituzte, besteak beste.
Guadalupe Txiki
Helduen lasterketaren aurretik, 16:00etan, XI. Guadalupe Txiki gaztetxoentzako lehiaren unea izango da. Urtetxo bat duten txikienetatik hasi, eta 13 urte artekoek parte hartuko dute. Txikienek, gurasoen laguntzarekin korri egin ahal izango dute. Guztira 150 eta 200 bat umek parte hartzen dute, eta zuzendari teknikoak azaldu duenez, Gernikako Arbolaren zelaian «giro aparta» sortzen da. Askorentzat beren lehen lasterketa izango da, eta «atletismorako zaletasuna pizteko» balio du. Denak izango dira irabazle, eta partaide bakoitzak, sari gisa, askaria jasoko du.