[Erreportajea] Konponbide nahiari babesa erakusteko irailaren 2a
Hiru urte bete dira Gernikako arbolan Alardeko gazte talde handi batek gatazkaren gaineko iritzi berri bat publiko egin zuela: Alarde Fundazioak ez dituela ordezkatzen eta emakumeen parte hartzea bermatuta egon behar dela esan zuten.
Argazkia atera zutenean uste izan zuten horrekin nahikoa izango zela konponbidea lortu bidean elkarrizketak hasteko, hau da, taldea sortzea ez zen izan haien asmoa. Gainera, anekdota moduan kontatu dute Guztion Alardea izena prentsak jarri ziela. Laburbilduz, Alarde Fundazioari (AF) adierazi nahi izan zioten Alardearen parte diren gazte horiek konponbidea nahi dutela eta prest zeudela AFri dagozkion urratsak ematen laguntzeko. Baina pareta baten kontra jo dutela diote.
Ahaleginekin jarraituz, aurtengo uztailean 64 emakumek udalari eta AFri Alardean parte hartzeko eskaera egin zioten. AFk ezezko borobila esan zien “arbasoek helarazi ziguten moduan egiten den Alardeari” eutsi nahi diotela. Erantzuna kontraesankorra da Guztion Alardekoentzat, proposatzen ari direlako Alardea herria zatituta ospatzea. Hori horrela, ondarea suntsitu egingo litzatekeela diote. Taldearen erantzun osoa lotura honetan topa daiteke.
Urte hauetan elkarrizketarako espazioak sortzen aritu dira ere bai. Horren erakusle izan zen sareetan zabaldu zuten Barrenetik dinamika, zeinetan zenbait herritarrek Alardearen gaineko solasaldiak zituzten. Ondoren, Hitz Eginez egitasmoa hasi zuten, eta orduan benetan iritzi desberdinak zituzten jendea batu zela azaldu du taldeak, emakumeak Alardean parte hartzea ukatzen zuen jendea egon zelako lehen aldiz. Oro har, parte hartu zuten herritarrak kontent atera zirela eztabaida horietatik uste dute, eta nabarmendu dute guztiek egin zutela esfortzu bat aurrean zutena eroso sentitzeko, entzuteko eta ulertzeko. Errespetuzko espazio bat sortu zutela zehaztu dute.
Belaunaldi guztietako jendea inplikatu zen elkarrizketa horietan, baita iritzi desberdina dutenak ere. Gatazka modu desberdinean bizi dela belaunaldien arabera azaldu dute, 1990eko urteetan jaiotakoek ez baitute gatazkarik gabeko alarderik ezagutu, eta beste askok bai. Hortaz, jorratzen dituzten gaiak ere desberdinak dira, emakumeen parte hartzearen ideia bakarretik aldenduz.
Aste bat baino gutxiago falta da irailaren 8rako, eta Alardean parte hartzeko zein gogo duten galdetuta zalantzarik ez dute taldekide batzuek, nahiz eta nekea eta presioa sentitzen dutela onartu duten. Kide batzuek salatu dute gonbidapen pertsonalak jaso dituztela Alardea uzteko esanez, batzuetan modu erasokorrean, eta argi utzi nahi izan dute ez dutela Alardea alde batera utziko, beraiei dagokielako ere. Alardea pasata lanean jarraituko dutela argi utzi nahi izan du taldeak.
Bestalde, fitxak mugitu dituzten honetan udal gobernuaren erantzunik ez dute izan, gaur-gaurkoz. Haien politika herriko aldaketen atzetik doala, eta horren arabera pausuak eman behar dituztela gogoratu nahi izan diete udal gobernukideei. Izan ere, udaleko alderdi batzuen babesa dutela nabarmendu nahi izan dute, eta auzia udal gobernuaren esku dagoela. Ausardia izan dezatela galdegin diete, eta bide batez, gaur eguneratuko duten argazki nagusian egon daitezela, gatazka amaitzea eta konponbidea bilatzea nahi duen oro bezala.