Arte garaikidea sustatzeko laguntzak emango ditu udalak
Alde batetik, Ribera bekak esleitzeko prozesua ireki du. Bestetik, artistentzako laguntzen deialdirako proposamenak aurkezteko epea zabaldu da.
Irungo Udalak laguntza deialdiak jarri ditu abian, bertako arte garaikidea sustatu eta zabaltzeko asmoz. Zehazki, Ribera beken edizio berri bat esleitzeko prozesua ireki du, eta artistentzako laguntzen deialdirako proposamenak aurkezteko epea zabaldu. Bi deialdietan izena emateko epea urriaren 14an bukatuko da.
Ribera beken xedea da mugaren eta Bidasoa ibaiaren ingurune geografikoko ondareari buruzko ikerketa lanak egitea. Proposamenak bikoteka aurkeztu behar dira: bata profil ikertzailea (soziala, antropologikoa, biologia…) eta bestea profil artistikoa. Emaitzak formatu artistiko batean gauzatu beharko dira. Bi beka emango dira, bikote bakoitzeko bat, eta bederatzi hilabeteko iraupena izango dute gehienez. Beka bakoitza 9.000 eurokoa da. Irabazleek 2023ko Ribera azokan aurkeztu beharko dituzte euren lanak.
Bestalde, artistentzako laguntzen helburua da migrazio-mugimenduen inguruan eta gizartearen, aniztasunaren eta kultura- eta hizkuntza-trukearen alorrean proiektu artistiko bat garatzen eta ekoizten laguntzea. Kasu honetan ere bi beka emango dira, baina bekek gehienez ere sei hilabeteko iraupena izango dute, eta horietako bakoitza 6.800 eurokoa izango da. Beka jasotzen dutenek Kontenporanea jaialdian aurkeztuko dituzte emaitzak.
Informazio gehiago Iruneko Udalaren webgunean topa daiteke.