Udan zaintzen dutela baina urria iristeko ez dagoela zelaia prest dio taldeak. Hori horrela, jokalariek lesioak egiten dituztela deitoratu dute.
Denboraldiz denboraldi errepikatzen ari den Plaiaundiko zelaiaren egoera salatu du Txingudi Zaisa Errugbi taldeak. Udan belarra birlandatzen dute eta zuloak harearekin estali, baina urria arte zainketa hauek ez dute irauten klubaren esanetan.
Errugbian jokatzeko zelaia prest ez egoteaz gain, lesioak eragiten dituela utzikeriak azaleratu du Iñigo Camarero gizonezko seniorreko entrenatzaileak: “Aurreko denboraldian berdegunea egoera honetan izateak dozenaka lesio muskular eta hainbat haustura oso larri eragin zizkigun. Egoera jasanezina da eta aurre denboraldia hasteko astebete baino gutxiago falta da”.
Txenpereneako zelai berria aurreikusten dutelako, eta ondorioz, Plaiaundiko egoera behin behinekoa delako, zelai honi Irungo Udalak egiten dizkion inbertsioak “partxeak” direla deitoratu dute: “Udalaren inbertsioak denboraldi bakoitzaren amaieran partxeak jartzera mugatzen dira eta ez da garrantzi handiagoko berrikuntzarik egiten instalazio horien arazoei irtenbidea emateko”.
Egungo zelaiak iraungitze data duen arren, egun ezinbestekoak direla gogoratu dute. Beraz, konponbideak galdegin dituzte zelaia hobetzeko.