Abuztuan abiaraziko dute 'Hondarribia Eremu Segurua' kanpaina
Kanpaina honek herriko dendari, elkarte eta eragileen arteko elkarlana eskatuko du, era honetan laguntza sare bat sortuz.
Abuztuan jarriko dute martxan ‘Hondarribia Eremu Segurua’ kanpaina; eraso sexisten aurrean jardutea, sexu-indarkeriaren agerpena prebenitzea eta pertsona guztientzako eremu seguruak sortzea helburu duena. Agresio sexistak “oso kezkagarriak” direla azaldu du Txomin Sagarzazu alkateak eta beraz, horren inguruko lanketa egitea “beharrezkoa” dela azaldu du. ‘Hondarribia Eremu Segurua’ kanpaina, ibilbide luzekoa izango da, izan ere, “urte osoan zehar dagoen gizartearen gaitz bat” dela azaldu du Gotzone Larrarte Berdintasun zinegotziak.
Kanpaina honek herriko dendari, elkarte eta eragileen arteko elkarlana eskatuko du, era honetan laguntza sare bat sortuz. Hondarribiko komunitateak prebentzio mailan “asko egin dezakeelako” beste pausu bat emateko eta kanpainari atxikitzeko eskatu du Sagarzazuk. Datorren astean banan banan egingo dituzte bisitak.
Kanpaina martxan jarri aurretik, aldez aurreko iritzia bildu nahi izan dute. Horretarako, zenbait establezimendurekin elkartu eta jasotako erantzuna “ezin hobea” izan dela nabarmendu du Berdintasun zinegotziak.
Kanpainaren asmoa, urte osoan zehar “ingurune goxo eta seguru bat” eskaintzea izango da. Atxikitutako establezimenduek pegatina more bat jasoko dute laguntza behar duen orok eremu seguruak erraz identifikatzeko. Norbanakoak ere modu pertsonalean atxikitu daitezke eta identifikatzeko txapa more bat jasoko dute. Halaber, establezimenduek protokolo edo gida bat jasotzeaz gain, formakuntza, aholkularitza eta udalaren babesa jasoko dute. Beste aldetik, herrian bertan, atxikitutako eragileak ezagutzeko kartel bat ezarriko dute eta hondartzan zein kiroldegian kanpainaren inguruko informazioa bilduko dituen bi kubo ezarriko dituzte.
Gaur goizean, udaletxean egin den aurkezpenean izan dira Kontxi Galardi eta Iñaki Gezala Joxean harategiko eta Batzokiko ordezkari gisa. Bi establezimendu hauek kanpainarekin bat egingo dute eta seguru dira Hondarribiko beste hainbatek ere bat egingo dutela. Gezalak azaldu duenez, horrelako kanpaina baten beharra izateak “pena” sorrarazten dio, baina “behar beharrezkoa” dela uste du.
Kanpaina hau emakumeen eskubideak zaintzeko ikuspegi orokorrago batean integratuta dago, zehazki, Eusko Jaurlaritzaren, Foru Aldundien eta Eudelek bultzatutako Beldur Barik ekimenaren barnean.