Vuelta Irunen, abuztuaren 24ean
Bosgarren etapak hiria zeharkatuko du abuztuan eta hil horren 20 eta 21ean txirrindularitzaren festa egingo dute. Gaur aurkezpena izan da Zabaltza plazan.
Txirrindularitza Vueltaren bosgarren etapa Irundik pasako abuztuaren 24ean eta Bilbon bukatu. Gaur, ekitaldi horren aurkezpena egin dute Borja Olazabal Kirol zinegotzia, Jose Antonio Santano alkateak eta Fernando Escartin Vueltako kirol zuzendariak. Txapelketa horrek Santanoren hitzetan “mapan kokatuko gaitu, eta oso onuragarria izango da bertako jarduera sektoreentzat”.
Etapa honen 187 kilometroan, zailtasun handiko bost mendi zeharkatuko dituzte. Ibilbidea erdialdean hasiko da, Zabaltza plazan, hain zuzen, eta Iparralde hiribidea jaitsiko dute, Santiago karrikara joateko. Jarraian, Junkal kaleko galtzada pasa eta Urdanibia plaza alde batera utzita, San Martzial aldapatik gora, San Juan plazara iritsiko dira. Amaitzeko, Karrika Nagusian gora egin eta Artaleku kaletik eta Elizatxo hiribidetik egingo dute hirian barreneko azken zatiak.
Olazabalek etapa honengatik abuztuaren 20 eta 21ean hainbat ekimen antolatu dituztela adierazi du “kirol festa” izan dadin: “Igandero jarduera programa aprobetxatuz. Gutxitan dugu lasterketa honena bezain maila handiko kirol ekitaldi bat hirian izateko aukera, eta aurreko egunetatik aurrera Irunek txirrindularitza arnastea gustatuko litzaiguke”.
Aparkalekuetan aldaketak
Abuztuaren 22tik 24eko arratsaldera bitartean ezingo da aparkatu txirrindulariek zeharkatuko duten kaleetan udalak abisatu duenez: Hondarribia kalea, Zubiaurre kalea, Colón ibilbidea (zamalanak egiteko guneak), Iparralde kalea, Bidasoa kalea, Santiago kalea, Junkal kalea, San Martzial kalea, Karrika Nagusia, Artaleku kalea, Gipuzkoa hiribidea, Berrotaran kalea, Joaquín Gamon kalea eta Argentinar Errepublika kalea.
Lasterketa hasi baino ordu bat lehenago zirkulazioa eten egingo dute ere.