Osasun arretan arazoa dagoela dio EAJ-k "arrazoi desberdinengatik"
Ez dela "kezkagarria" Irungo lehen osasun arretaren egoera uste dute jeltzaleek eta afera honen gaineko ostiraleko mozioa "diskurtso politizatu" batean mugatzen dela.
Ostiral honetan udalbatza egingo da Irungo Udalean eta mozioetako bat hiriko osasun arretaren gainekoa izango da. Udalbatza osatzen duten alderdi guztiek babesa adierazi diote mozioari, EAJ-PNV-k izan ezik. Gaur, aurrez, erabaki horri buruzko azalpenak eman ditu.
Jeltzaleek diotenez, mozioaren hasieran, egungo osasun zentroetan “profesional falta kezkagarria” dagoela jaso dute eta ez daude ados egoera deskribatzeko erarekin: ” “Kezkagarria” hitzak ez du errealitatea termino justuan deskribatzen, baieztapen partziala izateaz gain”.
Bestalde, Irungo lehen mailako osasun arretan “azpiegitura gutxi” daudenarekin bat egin dute: “Egoera hori konponduko duen hirugarren anbulatorio bat, edota beste alternatibaren bat behar da”.
Irunen arazo bat dagoela baina arrazoi desberdinengatik direla azaldu dute: “Batzuk pandemiaren ondorioz gertatutakoak dira, beste batzuk Estatu osoan profesional gutxi izateak sortutakoak, baina beste batzuk gure hirikoak dira”. Azken horiei irtenbidea eman behar zaiola uste dute “elkarlanaren bitartez”. Horretan udal taldeak eta dagozkien erakundeak egotea galdegin dute.
Irailean afera jorratzeko bilera egingo dutela Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Jose Antonio Santano alkateak jakinarazi du EAJ-k. Hori horrela, ez daude ados mozioa alkateak sinatu izanagatik. “Ez dugu uste hori denik Irunerako elkarlanean aritzeko eta konponbideak lortzeko modurik egokiena”.
Mozioa “Irunen dugun arazotik haratagokoa” dela deitoratu dute. “Hau, diskurtso politizatu, partzial eta interesatu batean mugatzen da, gainera”. Lehen mailako arretaren gaia bileran aztertzekoa dela esanez amaitu dute prentsa oharra.