Bordari eta Satarka Literatur Lehiaketaren edizio berri bat martxan
Atzo zabaldu zuten helduen kategorian lanak aurkezteko epea. Gazteen kategoria aldiz, apirilera atzeratu dute.
Bi urteko etenaldiaren ondoren, XXXVII. Bordari eta Satarka lehiaketaren edizio berri bat abian da. Lehiaketa helduen eta gazteen kategorian egiten da eta biak ala biak aldaketak izango dituzte. Maria Serrano Kultur zinegotziak azaldu zuenez, “sari hauek hausnarketa bat behar zuten”.
Helduen kategoriari dagokionez atzoko egunez zabaldu zen lanak aurkezteko epea. Pandemiaren aurretik azaroan zabaltzen zen lehiaketa hau, baina oraingo honetan deialdia bost hilabete aurreratzea erabaki dute.
Gaztetxoen kategoriak, berriz, “beste ikuspegi bat” behar zuela azaldu zuen Serranok. Azken edizioetan lanen kopurua nabarmen jaitsi zen, eta lehiaketa bizi berritzeko lanketa bat egin dutela adierazi zuen. Duela urtebetetik ikastetxeekin eta zenbait eragileekin elkarlanean aritu dira lehiaketa nola bideratu aztertzeko. Ikastetxeek diotenez gazteei oso zaila egiten zaie gazteei idaztea, aldez aurretik literatur zaletasuna lantzeko aukerarik ez badute. Hori dela-eta, aurtengo ikasturtean literatur lanketa prozesua jarriko dute martxan. Lehiaketa apirilean zabalduko dute eta ekainera bitarte aurkeztu ahal izango dituzte lanak.
Sariak
Hiru sari egongo dira: lehen saria (800 euro eta oroigarria), bigarren saria (400 euro eta oroigarria) eta Hondarribia saria (40o euro eta oroigarria).
Oinarriak
- Gaia librea izango da.
- Bordari saria: ipuin lehiaketa. Gutxienez hiru folio izan behar ditu. (Arial 12 formatuan eta tarte bikoitzarekin aurkeztu beharko da).
- Satarka saria: olerki lehiaketa. Gutxienez 50 lerro izan beharko ditu, eta 150 gehienez. (Arial 12 formatuan eta tarte bikoitzarekin aurkeztu beharko da).
- Lana aurkezteko irizpideak: Lanak izenburu bat izan behar du. Egilearen izena eta jaioterria. Lan bakoitzeko lau kopia aurkeztu beharko dira.