Urdanibia jauregiaren gaineko lankidetza hasiko dute udalak eta Jaurlaritzak
Urdanibia ingurua osatzen duten eraikinen egoera hobetu eta Irungo herriaren esku uztea da helburua.
Joan den ostiralean Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Urdanibia jauregia bisitatu zuen Jose Antonio Santano alkatearekin batera. Bisita horren muina bi erakundeen arteko lankidetza izan da, eraikinaren inguruan.
Urdanibia multzoa jauregia, errota eta burdinolak osatzen dute, eta Urdanibia auzoan daude, Txingudi Ikastola eta hipikaren artean. Multzoaren jabea, egun, Eusko Jaurlaritza da.
Lankidetza hori baliatuko dute, batetik, hiru eraikinen egoera hobetzeko, eta, bestetik, Irungo herriaren esku utzi eta erabilera egokia emateko. Azken finean, kultura-ondarea zaindu eta “hiriarentzat erreferentziazko erakargarri publiko, kultural eta turistiko” bihurtzea dela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak.
Zupiria eta Santanorekin batera Mikel Aizpuru Kultura Ondarearen zuzendaria eta Miguel Angel Paez Irungo Udaletxeko Ondarearen ordezkariak parte hartu zuten bisitan.