Bidasoko osasun arretaren etorkizuna argitzeko eskakizuna egin du legebiltzarrean Elkarrekin-Podemos-IU-k
Idatzi bat erregistratu dute galdera sorta batekin Eusko Legebiltzarrean egungo osasun arretaren egoera eta gabeziak azaleratuz, baita etorkizunerako ibilbide ba eskatuz.
Idatziz erantzun dezaten zenbait galdera luzatu dizkio Elkarrekin-Podemos-IU-k Eusko Legebiltzarrari, Bidasoan osasun arretaren etorkizuna zein izango den argitzeko.
Ebakuntza gelen lanak gelditzea lortu bazen ere, ospitaleko gerentzia arazoa konpontzeko Osasun Bidasoa plataformarekin elkartu ez izana salatu du koalizioak. Horrez gain, Osasun Sailak Bidasoan epe ertainean emango dituen urratsak zein diren ez zehaztea deitoratu dute. “Osasun arretari dagokionez, eskualdeak ez du etorkizunerako ikuspegirik” adierazi du David Soto Irungo Udaleko zinegotzi eta Elkarrekin Podemos IU-ko legebiltzarkideak.
Hirugarren anbulatorioaren beharra berriz errepikatu dute, ospitaleko eta anbulatorioetako presioa murrizteko neurri gisa. Hori gauzatzeko Irungo Udalak lursail batzuk jaurlaritzari utzi zizkietela oroitu dute, baina proiektua gauzatzeko datarik ez dagoela. “Irungo Udaleko Taldeak, EAJ-k izan ezik, mozio bat onartu dugu gure hirirako hirugarren anbulatorioa eskatzeko” azaldu du David Nuño udal taldeko bozeramaileak.
Osasun zentroak handitu egin behar direla dioela jaurlaritzak, eta ondorioz, barrakoi batzuk jarri zituztela gogoratu dute. Era horretan, “kalitatezko egituren behar nabarmena” areagotu egin dela diote. “Benetan, neurri hori egokiena eta defendagarriena iruditzen zaizue?. Hain zuzen ere egunetik egunera Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzak herritarrak baztertzen dituztela gero eta kontzienteago diren bitartean?”.
Arazo horiei leku falta erradiologia edo traumatologia zerbitzuetan, eta itxaron zerrenda luzeak gehitu behar zaizkiela erantsi dute. Baita langile profesional falta dagoela ere. “Errealitate horrek osasun-espezialitateak desagertzea ekarri du, eta hori ez da onargarria”.