Asteburu biribila Hondarribiarentzat
Eusko Label ligako lider jarri da 'Ama Guadalupekoa', Sestaoko Bandera eta Santurtzikoa irabazita. Gaur, Euskadiko Txapelketan lehiatuko da, Lekeition.
Hondarribiak Eusko Label ligako lidertza kendu dio Donostiarrari asteburu honetako lan biribilari esker: larunbatean, Sestaoko Bandera astindu zuten Ama Guadalupekoa traineruko mutilek, eta, atzo, berriz, Santurtzikoa. Portugaleteko uretan, beraz, bikain moldatu da talde berdea.
Mikel Orbañanosen mutilek hiru bandera erdietsi dituzte denboraldi honetan, eta 88 puntu pilatu dituzte. Gertutik jarraitzen die Donostiarrak, 86 punturekin, eta 83 puntu ditu Urdaibaik.
Larunbatean, lehia estua izan zuen Hondarribiak Urdaibairekin. Erdiko kaleak egokitu zitzaizkien biei, eta parez pare ibili ziren estropada guztian zehar. Lehen luzean dagoeneko, estropadaren burua hartu zuten bi taldeek, eta ziaboga guztietan Bou Bizkaia izan zen aurretik. Berdeek, ordea, urdinei eustea lortu zuten, eta, azken luzean, gipuzkoarrek lehen kalera jo zuten, eta bizkaitarrek laugarrenera, eta bi taldeek azken metroetan gogor arraunkatu zuten arren, Hondarribia, gutxigatik (0,70 segundo), gehiago izan zen. Joseba Amunarriz patroiaren arabera, gakoa “burua ez galtzea” izan zen, “azkeneko sprintera ahalik eta indartsuen” iristeko.
Igandean lehia bestelakoa izan zen: Ama Guadalupekoa aurretik jarri zen hasieratik. Kale aproposa egokitu zitzaion, eta horretaz baliatu zen. Bigarren luzetik aurrera tarteak handitzen joan zen. Azkenean 19:28,48ko denbora egin zuen, eta sei segundotara geratu zen Urdaibai. Urko Redondo arraunlariaren arabera, asteburuan, “ligako tiradizoari eustea” zen helburua, eta bi egunetan, “estropada konpletoa” egin dute, “gustora goaz etxera egindako lanarekin”. Sentsazioak hartzen ari direla azaldu du arraunlariak, eta hemendik aurrera, “estropadaz estropada” joango direla.
Euskadiko Bandera
Gaur, 12:00etatik aurrera, Euskadiko Banderan lehiatuko da Hondarribia. Hain zuzen, arrazoi hori dela medio ez zitzaion harrerarik egin taldeari herrian.
ETE liga
Hondarribiako emakumeak Errenteriako uretan izan ziren larunbatean. Bandera etxean geratu zen, Hibaikarentzat izan baitzen estropada. Hondarribia hirugarren geratu zen ia 10 segundotara.