Asteartean hasiko dituzte San Juan inguruko kaleetako lanak
Kaleak banan-banan berrituko dituzte, eta lanek iraun bitartean ez da sarbiderik egokituko. 1.489.378,56 euro erabiliko dituzte lan horiek gauzatzeko.
Asteartean hasiko dituzte San Juan plaza inguruko errepideak espaloi bilakatzeko lanak. Hiru karriketan egingo dituzte moldaketa hauek: Berrotaran, Legia eta Foru kaleetan, baita Jenaro Etxeandia plazatxoan ere, halabeharrez. Udalak adierazi du obren xedea San Juan eremu osoa berrantolatzea dela, eta plazarekin egindakoaren jarraipena direla lan hauek.
Errepide guztiak espaloi bilakatzeaz gain, egoteko eremuak sortuko dituzte, zuhaitz eta berdegunez. Emisio baxuko eremuak sortzeko helburuei jarraitu nahi diete ere lan hauekin. “. Izan ere, eremu horiek nahitaezkoak izango dira 50.000 biztanletik gorako hiri guztientzat, 2023tik aurrera, Klima Aldaketaren eta Trantsizio Ekologikoaren Legeak xedatutakoaren arabera”.
Ia milioi eta erdiko aurrekontua bideratu dute obra hauetara 1.489.378,56 euro, hain zuzen. Urte bete iraungo dute lanek baina ez dute dena batera egingo. Kalez kale, alegia. Europar Batasuneko NextGenerationEU funtsetatik 600.000 euro jaso dituzte, emisio baxuko eremuak ezartzeko eta hiriko garraioaren eraldaketa digital eta jasangarria bultzatzeko udalerrientzako laguntza programatik. Proiektua Otegi-Gaztañaga SL enpresari esleitu diote.
Gaurko agerraldian Borja Olazabal Mugikortasuneko ordezkaria eta Cristina Laborda Obretako ordezkaria izan dira. Olazabalek udalaren “konpromiso argia” nabarmendu du oinezko mugikortasunaren eta espazioetan airearen kalitatea hobetzearen alde, berdegune gehiago sortzeko hautua berretsiz. Labordak asmoak “irisgarritasuna lehenestea, paseko trafikoa saihestea, sozializatzeko aukera handiagoa ematen duen kale lagunkoiaren eredua sortzea eta oinezkoaren protagonismoa aldarrikatzea” direla adierazi du.
Lanak aurrera joan ahala, bizilagunei eta herritarrei eragingo dien neurrien berri ematen joango direla jakinarazi dute bi zinegotziak. Hala nola, kaleak ixten dituztenean behin behinean.
Lehen fasea
Lehenik Legia karrikakoekin hasiko dira, zehazki, Foru kalearekin bat egiten duen aldean. Aparkaleku guztiak kenduko dituzte eta garajeetara ezingo denez sartu, San Juan plazako aparkaleku pribatua egokitu diete bizilagunei. Kalea bi norakoetan izango da erabilgarri. Obraren fase honetan ezingo da Legia kaletik Foru kalera sartu, irteerarik gabeko kale itsu gisa geratuko da Legia.
Legia karrikako lanek iraun bitartean ez da Foru kalera sartzeko modurik izango. Hori horrela, behin behinean bi norakoetan zirkulatu ahalko da kale horretan eta horretarako eskuineko aparkalekuak kenduko dituzte, eta ezkerrekoetan 3. eremuko egoiliarrek bakarrik ahalko dute aparkatu. Pikoketa kaleko aparkalekuak egoiliarrentzat izango dira baita ere. Beranduago, 57 plaza sortuko dituzte Artaleku, Joaquin Gabon, Aldapeta eta Pikoketa karriketan.
Zamalanei dagokienez, Foru kalea horretarako guztiz itxita egongo da. Ondorioz, Berrotaran kaleko zamalanetarako eremua, bai ordutegian eta bai espazioan.