Madalen auzoko jai koloretsuak gaur ospatuko dituzte
Gaur goizeko 11:00etan txupinarekin emango diote hasiera Madalen auzoko jaiei. Arratsaldean Bienvenida Emazabel plaza inauguratuko dute auzotarrek. Ongi pasatzeko aukera zabala egongo da.
Bi urteren ondoren, txupinarekin batera emango diote hasiera gaur Madalen auzoko jaiei. Bi urtez, pandemiarengatik, antolatu ezinik ibili dira, baina horrek aurten «gogo gehiagorekin» hartzeko balio izan duela azaldu du Amaia Tovarrek, Madalena Jai Batzordeko kideak. «Gazteak batez ere egun hau noiz iritsiko itxaroten egoten dira».
Tradizio handiko festa koloretsua da. Atzo Santa Maria Madalenaren koadroa ezarri eta auzoa lore zein girnaldekin apaindu zuten bizilagunek. Tovarrentzako jai berezia da honakoa: «Herriko jendea eta batez ere auzoko jendea biltzen da, eta hori oso polita da». Gazteak dira, batez ere, jai hauetako protagonistak. Gaurko egunean zehar, umeentzako jolasak, buruhandiak, txokolatada, trikitixa saioa eta disko festa antolatu dituzte. «Urtero sekulako giroa egoten da», nabarmendu du jai batzordeko kideak.
Aurten, gainera, berezitasun bat izango dute jaiek. Izan ere, aspaldi antolatzen zen bizilagunen afaria berreskuratuko dutelako pozik da Tovar. «Ohitura hori galdu egin zen eta aurten berreskuratu egingo dugu». Gaur 21:00etan auzoko Hondarribia Kirol Elkartean izango da afaria.
Bienvenida Emazabel plaza
Joan den hilabetearen bukaeran egin zen udalbatzan, Madalena auzoko bizilagunek Iturriko plaza deitzen zioten plazari, Bienvenida Emazabel plaza gisa izendatzea onartu zuten aho batez. Hori dela eta, eta auzoko jaiak baliatuz, auzotarren artean omenaldi txiki bat eginez inauguratuko dute gaur (18:00etan) Madalena auzoko bizilagunaren izena izango duen plaza.