234 haurrek parte hartuko dute Irrisarri Landeko udalekuetan
Udal ordezkariek igerilekuak bisitatu dituzte, Igantzin.
Udal ordezkariak, Santi Jimenez Gazteria ordezkaria tartean, Irrisarri Landeko udalekuak bisitatzen izan ziren atzo, Igantzin. Besteak beste, programa nola garatzen ari den, eta zer-nolako jarduerak egiten dituzten gertutik ikusi zuten. Une honetan, hirugarren txandako gaztetxoak daude bertan, eta bihar izango dute azken eguna.
Udalak jakinarazi duenez, bi urteko etenaldiaren ondoren, betiko udalekuak egiteko aukera izan da aurten. Udalekuak berreskuratzea garrantzitsua dela adierazi du Jimenezek bai Irungo neska-mutilentzat baita familien kontziliazioarentzat.
Guztira, 2006 eta 2014an jaiotako 234 haurrek eman dute izena, eta adinaren arabera banatu dituzte astebeteko txandetan. Igandean, 11-13 urteko haurren txandak hartuko du lekukoa, eta bosgarren eta azken txanda, uztailaren 31tik abuztuaren 6ra izango da, 14-16 urteko gaztetxoekin.
Pandemia dela eta, iaz, Martindozenea gaztelekuan eskaini zuten gazteentzako udaleku programa, baina aurten berreskuratu dute Irundik kanpo egiten den programa. Horrez gain, gaztetxoentzat udaleku irekiak ere eskaintzen ditu udalak, Abenturaero egitasmaoren barruan. Kasu horretan, 50 neska-mutil daude barruan.
Aurten 53. aldiz antolatu dituzte udalekuak Irunen, 1968an hasi ziren.