Nazioarteko Gitarra Jaialdiaren lehenengo akordeak, gaur
Arratsaldean emango diote hasiera Nazioarteko XX. Gitarra jaialdiari. Itsas Etxea Auditoriumean eta Carlos V. Gazteluan izango dira kontzertuak.
Hondarribia-Peñiscola Nazioarteko XX. Gitarra Jaialdia martxan da, eta gaur arratsaldean izango dira lehenengo akordeak entzungai. Aurten hogei urte betetzen ditu nazioarteko jaialdiak, eta, beraz, edizio berezia izango dela aurreratu du haren zuzendari den Carles Ponsek.
Errekonozimendu eta ibilbide internazionala duten artistak bertaratuko dira, eta askotariko musika eskainiko dute. Umiltasun osoz, kalitatezko kontzertuak antolatzen saiatu dira eta horiek interesgarriak ez ezik, arinak eta dibertigarriak izango direla azaldu du Ponsek. Halaber, udalarekiko esker ona adierazi, eta Hondarribiak duen zentzu artistikoa eta kulturarekiko konpromisoa goraipatu nahi izan ditu. Maria Serrano Kultur zinegotziak, bere aldetik, herritarrak jaialdiaz gozatzera animatu nahi izan ditu herritarrak, “aukera polita da kulturaz gozatzeko”.
Egitaraua
Edizio honetan lau kontzertu eskainiko dituzte. Hiru Itsas Etxea Auditoriumean izango dira eta azkena Carlos V.aren Gazteluan izango da (Itsas Etxean Pablo Milanesen kontzertua egongo baita).
Gaur (osteguna) eskainiko dute lehena, Frantziatik etorritako Frederic Bernard gitarristak eta Karina Desbordes sopranoak. Lehen aldia izango da soprano batek jaialdian parte hartuko duena. Bihar (19:00etan) Antonio Fruscella gitarristaren kontzertua izango da. Eta etzi, Giovani Lazini eta Fabio Montomoliren musikaz gozatzeko aukera egongo da (19:00etan): gitarra eta klarinetearekin Napoliko, zinemako eta musika klasikoko nahasketa eskainiko dute. Kontzertu bereziki «dibertigarria» izango dela aurreratu du Ponsek.
Azkenik, igandean, Paradorean (17:30ean), izango da nazioarteko jaialdiaren azken kontzertua. Ivana Olivak Espainiako musika, eta Daniel Fortearen omenezko piezak joko ditu. Horrez gain, Irungo Oiasso Museoan ere kontzertu bat egongo da 12:00etan.
Kontzertu guztietako sarrerak doan izango dira, eserlekuak bete arte.
Jaialdiak 20 urte
Hogei urte igaro dira jaialdia lehenengoz antolatu zenetik, hori dela-eta, gauza askori aurre egin behar izan dio. “Plastilina bezalakoa izan da jaialdia, egoera guztiei egokitzen joan behar izan da”. Lehendabiziko oroitzapenak ekarri ditu gogora Ponsek. “Hasieran gastronomia eta gitarra uztartzen zituen jaialdia zen. ‘Ramon Roteta Gitarra Jaialdia’ zuen izena eta jatetxean bertan egiten zen. Nazioarteko gitarristak etortzen ziren eta masterclass bat eskaintzen genuen. Ikasleekin, arrantzaleek utzitako barku batean, ibaia gurutzatu eta sardinak txakolinarekin dastatzen genituen. Gitarra saioez gain (Ramon Rotetaren jatetxean egiten ziren), ardo lehiaketa bat egiten zen, eta astebete irauten zuen jaialdiak. Oso dibertigarria zen”.
Lehenengo edizio horien ondoren, krisia etorri zen, eta egunera arte biziraun egin du. “Mirari ekinomikoa” bezala definitu du Ponsek jaialdia.