Hondarribi Grand Slam, zesta punta jaialdia hasteko prest
'Jai-alai Wold Tour' zesta punta zirkuituak, urtero bezala, Hondarribian egingo du geldialdia. Bihar emango diote hasiera Jostaldi Pilotalekuan.
Atzo goizean Hondarribiko Gernikako arbolan aurkeztu zuten 17. zesta punta denboraldiko protagonista izango den Hondarribia Grand Slam txapelketa. Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo saileko ordezkari den Iker Goiriak azaldu duenez bigarren urtea da Aldundia Jai Aliverekin eta Hondarribiko pilota eskolarekin elkarlanean aritzen dela, eta oso positiboa izan dela azaldu du, “gure herria erakusteko modu polit bat da gure kirolak aditzera ematea. Gure kultura eta gure izaera balorean jarri behar ditugu eta lehiaketa hau autentikoa eta ikusgarria da”.
Munduko pilotari onenek parte hartuko dute bertan eta horien artean izan daiteke Julen Basterra Hondarribiarra. Bihar 20:00etan jokatuko du Master sailkapen lehiaketa Salegi bikotekidearekin batera. Aurkariak Arbe eta Lekue izango dira. Partida irabaziko balute, Hormaetxea eta Aimarren edo Olha eta Del Rioren aurka jokatuko lukete finala. Sailkapen faseko final hori irabazten duten bikoteak txapelketa nagusira sailkatuko da.
Guztira, sei bikote izango dira Grand Slamean parte hartuko dutenak: Goiko eta Zabala, Beaskoetxea eta Lekerika, Barandika eta Lopez, Aritz Erkiaga eta Irastorza, Olharan eta Etxeto eta Masterreko bikote irabazlea.
Jony Amboage Hondarribia Pilota eskolako kideak aurkezpenean esan zuenez, Hondarribiko pilota eskola une ezin hobean dago, “ez genuen horrenbeste arrakasta izatea espero”. Bestalde, lehiari dagokionez, haurrentzat garrantzi berezia duela azaldu du, pilotari ezagunak bertatik bertara ikusteko aukera dutelako. “Txikientzako erreferente dira, eta, urtero, udararo beraiekin egoteko eta haiengatik ikasteko aukera dute. Begiratu dezaketen ispilua dira, eta oso garrantzitsua da hori”.
Partidak bihar hasi eta irailera arte ostiraletan izango dira. Hondarribiko jaietan geldialdia egingo da eta irailean larunbatetara aldatuko dira norgehiagokak. Zenbait partida ETBn ikusteko aukera egongo da, irailaren 17an, urriaren 1n eta 8an. Azken hau, final handiaren eguna izango da.