Elkano Itsas Herria proiektua Irunera iritsiko da astelehenean
Bost egunez Santiagoko pantalanean egongo da erakusketa ibiltaria ikusgai. Horrez gain, beste zenbait jarduera antolatu dituzte.
Juanita Lorando patatx ontzia Santiago pantalanera helduko da datorren hilaren 25ean 14:00etan eta hilaren 29era arte egongo da bertan. Elkano Itsas Herria proiektuagatik mugitzen dabil itsasontzia maiatzetik, historiak kontatzen duenaren arabera Juan Sebastian Elkanok munduari lehen bira eman zionaren bosgarren mendeurrena gogoan izateko.
Erakusketa ibiltaria da itsasontzia eta jarduera desberdinak egiten ari dira gerturatzen ari diren portu guztietan. Egunero irekita egongo da kupel eta olanazko erakusketa Santiagoko bidegorrian, “euskal gizartearen garapenean itsas kulturak izan duen garrantziari buruzkoa”.
Bertan, Elkano getariarrak munduari emandako biraren nondik norakoak jaso dituzte, baita patatxak bisitatu dituen euskal kostaldeko herrietako historia eta itsas ondarea erakutsi ere panel batzuen bidez. Proiektuari lotutako produktuak saltzeko puntua jarriko dute Santiagoko bidegorrian egunero 11:00etatik 20:00etara.
Bertso saio bat antolatu dute hilaren 27erako Junkal plazatxoan 20:00etan. Andoni Egaña, Alaia Martin eta Haira Aizpurua ariko dira bertsotan eta Karlos Aizpurua izango da gai jartzailea. Elkano eta itsas gaien gaineko bertso saioa izango da. Hilaren 28an astronomiari buruzko tailer bat egingo dute plazatxo berdinean 19:00etatik 20:00etara.
Patatxean arraun egiteko aukera dago eta horretarako bi baldintza bete behar dira: 16 eta 65 urte artekoa izatea eta 6 kiloko arraun bat mugitzeko gaitasuna izatea. Interesdunek mezu bat bidal dezakete helbide honetara.