Borja Olazabal, E25 lineari buruz: "Ez da aurreikuspen faltarik egon"
Hondarribiara doan E25 lineari buruzko azalpenak eman ditu Mugikortasun zinegotziak, sare sozialetan.
Harrabotsa sortu da E25 autobus linearen inguruan. Larreaundiko bizilagunek hasi zuten protesta, baina Alde Zaharra-San Juaneko bizilagunak ere kexatu dira zerbitzu hori gabe geratu izanagatik. Borja Olazabal Mugikortasun zinegotziak azalpenak eman ditu sare sozialetan: “Ez da aurreikuspen faltarik egon Ama Xantalen kaleko obrak direla eta; dena hitz egina genuen obrak egingo dituen enpresarekin nahiz aldundiarekin”.
Olazabalen arabera, obra horien aurrean, udalak zuen proposamena zen Palmera Monteron abiatuta autobusa Nafarroa hiribidetik barrena Fermin Calbetonera igotzea, baina ibilbide luzeegia zelako eta ordutegiak beteko ez zirelako atzean geratu zen. Horren aurrean, Colon pasealekutik baino pasatzen ez zen ibilbidea jarri zen mahai gainean, baina Larreaundiko bizilagunen kexak jaso ondoren, aproposena autobusak Euskal Herria hiribidetik auzora iristea izan zela ikusi zuen udalak, eta hori jakinarazi zion aldundiari: “Bi egunez elkarrizketetan aritu ginen, eta azkenean, arazoa konpondu ahal izan zen”.
Fermin Calbeton, Zabaltza plaza eta Urdanibia plaza E25 autobus zerbitzurik gabe geratzen zirela onartu du Mugikortasun zinegotziak. Urdanibia plazaren kasuan, obrengatik, baina Fermin Calbeton eta Zabaltza plazaren kasuan hutsunea E1, E2 eta E4 lineekin osatzen dela iritzi dio. Gainera, gogorarazi du autobus aldaketak doakoak direla. “Zentzu horretan, uste genuen horrek ez duela arazo handiegirik eragiten; eragozpenak bai, autobus aldaketagatik denbora gehiago beharko baitute erabiltzaileek Hondarribira iristeko”. Edozein modutan, Olazabalek ondorioztatu du ez dutela zonarik utzi autobus zerbitzu gabe, “eta hori zen garrantzitsuena guretzat”.
Os dejo dos vídeos (es uno partido en dos) explicando lo que ha sucedido con la E25 en @Irun_informa
— Borja Olazabal (@BOolazabal) July 19, 2022
– Ni falta de previsión
– Ni falta de diálogo o mediación con la Diputación
– Ni dejar a nadie sin transporte público
Cuando unos van, otros estamos volviendo… pic.twitter.com/rYBzXrP3rC