Auzoetako egoera ezagutzeko ikerketa abiatu dute EH Bilduren eskariz
Zentralizazioaren eredua ez jarraitzea eta auzoetan indarrak jartzearen aldeko apustua egin nahi du koalizioak.
Irungo auzoetako egoera zein den jakiteko ikerketa bat egitea proposatu zuen EH Bilduk 2021.urteko udal aurrekontuetan eta udalbatzak onartu egin zuen. Azterlana gauzatzeko 50.000 euroko partida erabiliko dute eta dagoeneko kontratazio mahaitik pasa da ideia.
Hiri zentralizatuen formatuaren aurrean, auzoetan indar berezia jartzeko apustua egin du koalizioak, “egunerokotasuna auzoetan egin ahal izatea ezinbestekoa da”. Bada, udalaren ardura dela hori posible egitea dio EH Bilduk, oinarrizko eta udal zerbitzuak eskura jarriz edota banketxe bulegoak berreskuratuz, esaterako.
Auzo bakoitzak “ezaugarri propio eta desberdinak” dituela eta hori errealitate anitzaren isla dela uste dute. “Irun hiri bakarra izan arren, beren historia, egitura urbanistiko, azpiegitura zein populazio ezaugarri ezberdinak medio, auzo anitzen batuketa da”.
Azterketa soziologikoa ahalik eta azkarrenen egitea ezinbestekoa dela argudiatu dute. “Emaitzak auzoetako eragile eta bizilagunekin partekatu eta ikerketak azaleratzen dituen beharrei Udalak erantzun egoki bat eman ahal izateko”.