Hirugarren sektorea ikertu du Gizarte Ongizate arloak
Hirian sektorean dabiltzan %58k hartu du parte ikerlanean. Sektoreko langileek finantzaketaren beharra eta elkar koordinatzea ikusi dute faltan nagusiki.
Gizarte Ongizateko arloak hirugarren sektoreari buruzko azterlanaren emaitzak kaleratu ditu gaur David Nuño ordezkariak. Sektorearen egoera eta inplikatutako kolektiboen egungo irudia eskaintzen saiatu direla azaldu du zinegotziak “azterlanak erakutsi dizkigun erronken eta aukeren bidez”.
Hirugarren sektorearen garrantzia nabarmendu du Nuñok eta elkarlanean jarraitzeko eta lankidetza hori areagotzeko konpromisoa hartu dutela dio. “Askotan elkarren osagarri izan daitezke bi erakundeak”.
Ikerlana
Irunen sektore horretan dabiltzanen %58k hartu du parte azterketan. Forma juridikoari erreparatuz, elkarteak dira batez ere daudenak hirian, eta horietan gehienek egoitza soziala Irunen dute. Horrez gain, mila lagun inguru boluntario aktiboak direla jaso dute txostenean, eta erakundeen %70ek soldatapeko langileak eta gehienak emakumeak dituztela esan du.
Zerbitzuak eskaintzen dituztenak dira erakunde gehienak, eta “ehuneko handi bat” arreta emakumeei eta gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan daudenei eskaintzen dieten enpresen artean banatuta dagoela dio ikerlanak.
Sektoreak ematen dituen zerbitzuak ere aztertu dituzte. Batez ere informazioa eman eta lagundu egiten da Irunen, baita sentsibilizatzeko eta salatzeko ekintzak egin ere. Nabarmetzekoa da arloaren ustez ere prestakuntza, laneko sustapena eta orientazioa, etxez etxeko laguntza eta garapen komunitarioa eskaintzen dituzten horiek ere. Bestalde, eskura dituzten eta eskuratu ditzaketen finantza baliabideak baloratu dituztela ere adierazi dute, nahiz eta horren gaineko xehetasunik ez duten eman.
Etorkizuneko eta oraingo beharrak, eta erronkak eta aukerak zerrendatu dituzte ere. Boluntario gehiagoren eta finantzaketaren beharra dagoela azaldu dute sektoreko kideek. Aukerei erreparatuz, beste erakunde batzuekin hobeto koordinatzea edota lokal berri edo hobeak lortzea eskatu dute. Hirugarren sektorea indartzeko profesionaltasuna, eskarmentua eta boluntarioen jardunean lan egin beharko zela uste dute, “betiere fokua gazte zein adinekoekin esku hartzean jarrita”.