Erabaki dute Poxpologile kalea nolakoa izango den
Auzotarrekin egindako bilerak eta gero udalak norabide bakarrekoa izango dela kalea erabaki du. Espaloia eta irisgarritasuna hobetuko dituzte, batez ere.
Poxpologile kalea berrurbanizatzeko partaidetza prozesua burutu dutela jakinarazi du Irungo Udaleko Obretako ordezkari Cristina Labordak. Prozesu hau Dunboako Auzo Elkartearen eskaeraren emaitza izan dela azaldu du ordezkariak.
Kalea bere osotasunean hobetzea dela helburua adierazi du udalak, eta bide horretan, espaloiak zabalduko dituztela irisgarritasuna hobetzeko eta zolagaina, zuhaitzak eta hornikuntza zerbitzuak berrituko dituztela zehaztu dute.
1,8 milioi euroko aurrekontua bideratuko dute kale honen lanetara, eta lehenengo urratsa proiektua lizitatzea izango da. Irailean egin nahi dute hori eta lanak 2023an hasi nahi dituzte.
Prozesuaren hasieran auzotarrei proposamen proiektua aurkeztu zieten, ekarpenak egin ahal izateko. Guztira hamabi bat ideia jaso zituzten. “Erdia, kalean ezartzekoa zen zirkulazio noranzkoa aldatzearen alde, eta beste bat, kontra; bi, kaleko zeharkako maldak zuzentzeko eskatzeko, fatxadetan urik ez izateko; eta besteak, aparkatzeko tokien, atarien eta ibien inguruan, besteak beste”.
Findu dute proiektua eta berrantolaketa orokor bat da egingo dena. Ibilgailuek noranzko bakarrean zirkulatuko dute Ramón Iribarren kaletik sartuta kanalera joango da. Horrez gain, 5 metroko errei zabal bat sortuko dute, eta autoek kalearen bi aldeetan baterian aparkatu ahalko dute.
Horregatik, oinezkoentzako bideak zabalduko dituzte, zebrabide gehiago jarri eta maila aldeak berdindu. Nafarroa hiribidean dauden antzeko baldosak jarriko dira, atarietako irisgarritasuna hobetu. Gainera, zuhaitzak berrituko dituzte eta itxura txikiko zuhaitzak landatuko. “Etxebizitzak hurbil egotearekin bateragarriak izan daitezen”.