Errugbia hondarretara eraman dute
Txapelketez gain, errugbi inklusiboko erakustaldia egin zuten larunbatean, Hondarribian, Txingudi Errugbi Taldeak antolatuta.
Joan den larunbatean Hondarribia Rugby Beach txapelketa egin zuten, Txingudi Errugbi Klubak antolatuta. Bosgarren edizioan, 300 lagunek parte hartu zuten, Gipuzkoa, Lapurdi, Mungia, Gasteiz eta Burgostik (Espainia) etorritakoak. Horrez gain, hainbat lagun joan ziren txapelketa ikustera, eta DJ Asuncio aritu zen musika jartzen.
Lehiaketari dagokionez, lehen multzoan talde guztiek bi partidu jokatu zituzten. Lehenengo jokatu zen finala emakumeena izan zen, eta, bertan, Mungia gailendu zitzaion Txingudiri, 1-0. Beteranoen finalera Pena Touch eta Otsozaharra iritsi ziren, eta 3-1 geratu zen markagailua Pena Touchen alde. Maila mistoko finala Kelerrentzat izan zen, Menasi 4 entsegu eginda.
Lehiaketaz gain, errugbi inklusiboko erakustaldia egin zuten. Dibertsitate funtzionala duten pertsonak errugbiaren bidez aisiaz gozatu eta sozializatzeko aukera izan zuten.
Klubak gogorarazi duenez, lehen edizioa 2016an egin zuten, eta helburua kirol hori modu ludiko eta errazean ikusaraztea da.