E25 autobus zerbitzuarekin sortutako arazoak lehenbailehen konpontzeko eskatu du EAJk
Aldundiko Mugikortasun Sailaren eta Udal Gobernuaren artean planifikazio eta koordinazio eskasa egon dela iritzi dio talde jeltzaleak.
E25 autobus zerbitzuaren gainean hainbat kexa sortu dira, zenbait tokitan zerbitzurik gabe geratu direlako. Joan den aste hasieran, Larreuandiko bizilagunak mobilizatu ziren, eta, bukaeran, berriz, Alde Zaharra-San Juanekoak. EAJren arabera, Aldundiko Mugikortasun Sailaren eta Udal Gobernuaren artean planifikazio eta koordinazio eskasa egon dela ondorioztatu daiteke sortutako egoeratik, eta arazoa “lehenbailehen” konpontzeko galdegin dio udalari.
Eskaera hori, hain zuzen, atzo egindako Mugikortasun eta Obren Batzordean helarazi zion talde jeltzaleak udal gobernu taldeari. Hala, egoera bideratzeko lan egiteko eta bien bitartean, bizilagunei ahalik eta kalterik txikiena eragiteko eskatu dio.
Udalak kexen ondoren hartutako erabakiak “planifikatu gabekoak” izan direla iritzi dio EAJk: “Erakunde publikoek garraio publiko eraginkorra bultzatzeko eginkizuna dute, garraio hori gehiago erabil dadin”. Horretarako ezinbestekoa dela iritzi dio erakundeen arteko lankidetza eraginkorra.