Osakidetzako murrizketak salatu ditu EH Bilduk
Eskualdeari begira jarri da, eta profesionalek gainean duten lan zama eta baliabide falta gaitzetsi ditu.
Osakidetzako murrizketak Eusko Jaurlaritzak azken urteetan hartu dituen neurrien ondorio dela salatu du Bidasoko EH Bilduk. Murrizketa horiek orokortuak dira, baina batik bat eskualdeko egoera salatu du. Izan ere, Irungo erdiguneko anbulatorioa da EAEn paziente gehien artatzen dituena, “bai hemengo nahiz eskualdeko gainerako osasun etxeetako profesionalak lan zamarekin eta baliabide faltarekin itota daude”.
Zentzu horretan, beste behin hirugarren anbulatorioaren aldeko eskaera egin du, “ezin da denboran gehiago luzatzen utzi”. Hala, bai udalei nahiz gainontzeko instituzioei gaiari lehenbailehen heltzeko eskatu die.
Murrizketa horiek, oro har, ondorioak uzten ari dela gaitzetsi du koalizioak. Etenik Gabeko Arreta Guneetan ordutegiak murriztu direla, osasun etxeetan izugarrizko profesional gabezia dagoela egunerokotasunean 45 paziente artatzeraino, zerbitzuak ixten edo murrizten ari direla (urologia edo X izpi nahiz ekografiak egiteko eskualdean zailtasunak daudela salatu du), kontsulta presentziala lortzea geroz eta zailagoa dela, adineko zein kronikoen jarraipena egiteko zailtasunak…
Horiek pandemiarekin agerien geratu diren arren, ez direla pandemiarekin hasi kritikatu du EH Bilduk: “Murrizketak eta planifikazio eza, eta osasun sistema publikoa pribatuaren mesedetan ahultzeko estrategia aspaldiko kontuak dira”. Eusko Jaurlaritza sistema indartu beharrean, ahultzen ari dela iritzi dio: “Kalitatezko arreta sanitario publikoa jasotzeko eskubidea dugu, eta hori da orain arriskuan dagoena”.