Mugak Zabalduz karabana Irundik abiatu zen ostiralean
Europako migrazio politikak salatzen arituko dira Irundik Bartzelonara, Pirinioetatik pasatuz uztailaren 24era arte. Irungo Harrera Sareak eta Etorkinekinek eman zioten hasiera.
Mugak Zabalduz karabana internazionala Irunen hasi zen joan den ostiralean (uztailak 15) eta Pirinio-Alpeetara 2022 izena jarri diote zazpigarren edizioari. Bartzelonan amaituko da uztailaren 24ean eta migranteen eta errefuxiatuen eskubideen alde egingo antolatutako ibilbidea da.
Europar Batasunaren migrazio politikak salatu nahi dituzte. “Euskal Herriaren bihotzean ere baditugu hiltzen dituzten mugak” azaldu zuen Moskun karabanaren antolatzaileetako batek, Ahotsa.info hedabideak zabaldu duenez.
Ostiral goizean gosaria egin zuten Kabigorriren babesarekin, eta arratsaldean hasi zen ekitaldi nagusia. Irungo Harrera Sareko Oihana Galardik hartu zuen hitza eta taldearen sorrera eta jardunaz mintzatu zen. Ondoren, Etorkinekin Diakite elkarteko Aintzane Lasarte hendaiarrak muga pasatzen laguntzen duten lana izan zuen hizpide.
Amets Arzallus ere igo zen oholtzara eta Ibrahima Balderekin idatzitako Miñan liburua ardatz hartuta, asiloa eskatzeko zailtasunak kantatu zituen bertsotan. Lotura honetan entzun daitezke. Eguna burutzeko Boli Kostatik etorritako talde batek reggae doinuak ekarri zituen plazara. Argazkiak EkinKlikek jaso zituen.
Larunbatean Santiago zubira gerturatu ziren eta Bidasoan hildako bederatzi migranteak izan zituzten gogoan. Ildo horretan, monolito bat jarri zuten haien omenez. Bertan, “Hemen azken arnasa eman zuten migranteen oroiminez. Mugek ez dute bidea zapaltzen. Migranteen urratsek zabaltzen” irakur daiteke aurrerantzean.
Itziar Gomez IHS-ko kideak azaldu zuen “migratzeak ez duela heriotzaren sinonimo” izan behar. 1972.urtean 130 pertsonek Bidasoa ibaian bizia galdu zutela oroitarazi du. “80 portugaldarrak ziren eta 30 afrikarrak. Gaur Bidasoan hildako bederatziak omendu ditugu, bizitza hobe baten alde borrokan dabiltzan horiek, gerretatik ihesi dabiltzanak, eta hala ere, kontrol arrazista eta ilegalak daude hemen Borrokan jarraituko dugu”.