Hirugarren anbulatorioa sortzeko urratsak ematen jarraituko dutela dio Elkarrekin-Podemos-IU-k
Lehen arretaren egoera "larria" dela Bidasoan salatu du koalizioak eta Oinaurreko anbulatorioa beharrezkoa dela defendatu dute.

Bidasoko osasun publikoaren lehen mailako arretaren egoera salatu du Elkarrekin-Podemos-IU-k, eta Osasun Sailak hartutako behin-behineko “adabaki” neurriak “behin-betiko” bilakatuko direla uste dutenarekin kezkatuta ageri dira.
Arazo “larri eta dramatikoa” da koalizioaren hitzetan Bidasoako lehen mailako arreta, Osasun Bidasoa plataformarekin hitz egin ondoren ondorioztatu dute hau. Batez ere anbulatorioei egin diete erreferentzia baieztapenak egiteko, “gainezka” egin baitu. “Irungo erdialdeko anbulatorioak soilik hogeita hamazortzi mila pertsona inguru hartzen ditu bere gain, eta Euskadi osoan herritar gehien hartzen dituen osasun-zentroa da”.
Joan den astean berriz gogorarazi zuen Irungo Udalak hirugarren anbulatorioaren beharra, Oinaurren eraikitzea proposatu dutena arreta hobetze aldera. Alta, Osakidetzak herritarren arreta hobetu beharrean “okerrera” egin duela deitoratu dute, eta okertze hau pandemia aurretik salatu zutela gogorarazi dute.
Udal Gobernuak hirugarren anbulatorioaren defentsan “urratsak” ematen jarraituko dutela dio udal alderdiak. “Konponbidearen zati bat Irungo hirugarren anbulatorioaren proiektua martxan jartzea izan liteke, duela hamarkada batetik geldirik dagoena eta kontuan izanik Eusko Jaurlaritzak ez duela aurrera egiteko asmorik”.
Langile profesionalen gabezia ere izan dute hizpide Elkarrekin-Podemos-IU-koek, Espainia osoari eragiten dion arazoa den arren Bidasoan “are larriagoa” dela iritzi dute.
Gabezia guztiei aurre egiteko plan integral baten beharra galdegin diote jaurlaritzari. “Hori gabe edozein proiektu zaharkituta geratuko baita onartu bezain pronto. Erreklamatzen da Osasun Sailak oraindik ez duela partekatu epe luzerako plan estrategikoa”.