Zerbait mugitzen ari da Larreaundi auzoan
Auzo elkartean belaunaldi berriak sartu dira, eta, hala nola, auzo plana diseinatzen ari dira. Horren barruan, hasteko, mugikortasunaren alorrari eutsi diote, auzoan dituzten zenbait arazori aurre egiteko.
Aste mugitua izan dute Larreaundin, baina urak bere bidean dira. Hilabete hasieran obrak hasi zituzten Santa Elena karrikan, eta egun batetik bestera E25 autobus zerbitzurik gabe geratu ziren, auzo elkarteak horren berririk jaso gabe, gainera. Neurri horrek harrabotsa sortu zuen, bizilagun ugarik erabiltzen dutelako autobus zerbitzu hori; adinekoek edo mugikortasun arazoak dituztenek, gehienbat. Baina bazen beste kezka bat, aurrekariak zeudelako: L3 ospitaletarako autobus zerbitzua ere kendu zuten bere garaian auzoan. Horren guztiaren aurrean, Larreaundi-Olaberria auzo elkarteak elkarretaratzera deitu zituen bizilagunak, astelehenean. Berehalako erreakzioa izan zuen protestak, udalak, atzera egin, akatsa onartu, eta zerbitzua berrezarri duelako.
Auzoan zerbait mugitzen ari denaren seinale da elkarretaratzearekin gertatutakoa. Iker Eizagirre auzo elkarteko kideak azaldu duenez, belaunaldi berriak sartu dira elkartean: “Aurreko ikasturtean Neguko Jaia egin genuen; gero, auzoko jaiak berreskuratu ziren, eta orduz geroztik taldetxo bat daukagu adinekoek eta belaunaldi berriek osatutakoa”.
Auzoan zenbait gai lantzeko aukera baliatu nahi izan dute, eta horiek zerrendatzen hasi ziren, horien artean, etxebizitza, auzo kohesioa, feminismoa… Hasteko, ordea, mugikortasunari eman diote lehentasuna, eta hortik abiatu dira. “Auto gainpopulazio handia dagoenez, aparkaleku falta dagoela iritzi diote auzotar askok. Euren iritziz, TAO jartzea izango litzateke bertan aparkatu ahal izateko aukeretako bat”, adierazi du Eizagirrek. Kezka hori bi gertakarik hauspotu dute: batetik, hego ingurabidea auzotik sartzea erdigunera, eta, bestetik, inguruko auzo guztietan TAO jartzen joan izana.
Auzo elkarteak asanblada batera deitu zuen, eta, bertan, TAO jartzeko aukera bozkatu zuten, besteak beste. Gehiengoak alde bozkatu zuen. TAOz gain, abanikua ireki, eta asanblada mugikortasunaren alorreko beste gai batzuez hitz egiteko baliatu zuten. “Jendeak autoa behar duela ikusten du, baina, era berean, auzoan arazo bat sortzen duela iritzi dio. Hor badago kontraesan edo tentsio bat”, azaldu du Eizagirrek. Mahai gainean beste proposamen batzuk ere jarri zituzten: bidegorri sare duin bat, bizikletentzako aparkalekuak, erdigunearekin lotura hobetzea, Olaberriarekin konektatzeko espaloi nahiz bidegorria, aparkaleku disuasorioa…
Auzo plana, aitzitik, mugikortasunaz harago doa. Esaterako, espazio publikoa aipatu du Eizagirrek, “parke eta eremu berde gutxi ditugu”. Kulturartekotasuna ere bada beste ildo bat: «Auzoan jatorri ezberdinetako jendea dago; ez dago arazorik, baina ezta zubi gehiegirik ere». Auzo antolaketa ere landu beharreko beste hari bat da: “Paperak dena jasaten du, baina hori dena aurrera eramateko ea nola indartzen dugun auzo egitura, auzo elkartea, bazkidetza kanpaina…”. Horrekin lotuta, badute aspaldiko eskaera bat: auzo elkartearen egoitza berria.
Bestalde, hilaren 21erako ekitaldi bat antolatu du auzo elkarteak: Larreaundi, crónica de un barrio obrero dokumentalaren emanaldia. 19:00etan izango da, Eguzkitza ikastetxean.