[Erreportajea] Trinketea Irunen, bizi-bizirik
Azken mende erdian Irunen trinketera jokatzeko tradizioa galtzen joan den arren, oraindik ere bizi-bizirik jarraitzen du. Oso maila onean aritzen diren zenbait jokalari gazte irundar daude.
Trinketeak historia luze eta zabala du. Euskal Herriko mugetatik at, Latinoamerikan edo Frantzian esaterako, tradizio handia duen kirola da. Baina ez da horren urrun joan beharrik haren historia eta kirolak izan duen bilakaeraren zatitxo bat ezagutzeko, Irunen, bereziki, badagoelako zer kontatua. Kokalekuak, alegia, Ipar Euskal Herriko mugatik gertu egoteak eta paletaren sortzaileak irundar jatorria zuten aurrekariak izateak [Francisco Martikorena, 1865-1938] nolabaiteko eragina izan baitzuen udalerrian.
Trinketea pilotaleku berezia da; frontoian ez bezala, lau paretak osatzen dute joka-lekua. Eremu itxia da, beraz. Aurrean frontisa du zeinak zenbait herritan, xilo deituriko kaxa baten forma duen zuloa izaten duen. Alabaina, honakoa ez da Irungo Ramuntxo Berri Udal Trinketearen frontisaren kasua. Atzealdean, berriz, errebote pareta dago. Eskuineko paretak frontisa eta errebote pareta lotzen ditu fraile baten bidez, eta ezkerrean joka-lekura sartzen den teilatu labur bat duen pareta dago. Teilatuaren azpian beirate bat dago, non ikusleek partida bertatik bertara ikus dezaketen. Trinketean denak balio du, teilatuan jo ondorengo tantoak ere on dira.
Egun, Irunen trinketea lantzen duten bi elkarte daude. Kurpil Kirolak 1944an sortua, eta Ramuntxo Trinkete Kluba 1995ean [Kurpil Kirolak-en zatiketa] eratutakoa. Kurpil Kirolak-en kasua berezia da. Izan ere, hasiera batean boloetara jokatzeko taldea izateko sortu baitzen. Kurpila, zehazki, boloek egiten duten mugimendu zirkularra da. Gizon helduek osatutako taldea zen hasierakoa. Ondoren, Kurpil Kirolak-en barnean pilota sekzioa zabaldu, eta orduantxe abiatu zuten pilota eskola. Handik gutxira boloak desagertu eta egun ezagutzen den kluba errotu zen. Pilota eskolan euskal pilotaren modalitate guztiak lantzen dituzte.
Ramuntxo Trinkete Kluba, aldiz, 1995ean sortu zen trinketearen promozioa, sustapena eta hedapena egiteko asmoz. Besteren artean, hogeita hiru urte azpiko kirolarien zein emakumeen artean sustatzeko. 27 urteren ondoren ikus daiteke, eta hasieran lortu bazuten ere, ez dutela hasiera hartako helburu hura betetzerik izan.
Gomazko paleta da trinketearen modalitateetatik ‘errazena’.
Trinketea bereziki lagun artean elkartzeko eta elkarrekin kirola eginez arratsalde dibertigarri bat pasatzeko kirola zen hastapenetan Irunen. Modalitate zaila da, oso teknikoa, eta beraz, aldez aurretik euskal pilotaren ezagutza txiki bat izatea eskertzen duen modalitatea da. Jose Angel Danjou Kurpil Kirolak klubaren trinkete saileko tekniko irundarra da, Behobiakoa zehazki. Hark gaztetatik izan du trinketera jokatzeko zaletasuna. «Behobiakoa naizelako hasi nintzen trinketera jokatzen. Auzoan trinkete bat genuen eta ni baino helduagoak zirenak aritzen ziren. Norbaiten beharra zutenean deitzen zidaten. Orduan gomazko modalitatean jarduten genuen. Ondoren, Kurpil Kirolak-ekin xarera jokatzen hasi nintzen. Talde bat sortu eta Trinkete Bordan entrenatzen ginen ostegunero bi orduz, Aranburu anaiek utzita».
Irunen trinketerako zaletasun handia zegoela baieztatu du Danjouk, eta bost trinkete ere izan zirela: Uranzuko trinketea (1882); Ramuntxo trinketea (1926); Behobiako trinketea (1934); Borda trinketea (1965); eta Artaleku kiroldegikoa (1987). Egun soilik bi udal trinketeak geratzen dira: Artalekukoa eta 2007an inauguratu zen Ramuntxo Berri Udal Trinketea. Azken hau «lorpen handia» izan zen Danjourentzat. Izan ere, Irunen trinkete berri baten beharra zegoela azaldu du. «Artalekuko trinketea zulo bat zen. Ez zuen ikusleentzako lekurik, soilik korridorean sartzen direnek ikus zezaketen partida».
Kurpil klubaren sorrera adibide hartuta, gaur egunera arte, trinketearen egoera dezente aldatu da. 1987ra arte, trinkete guztiak partikularrak ziren, hau da, pribatuak ziren, eta bertan jokatzeko inskripzio bat ordaindu behar zen. Horri, materialaren kostua gehitu behar zitzaion. «Trinketea garestia izan da beti», onartu du Danjouk. Paleta batek egun 65-80 euro inguru balio ditu, garaiko 9.983 eta 11.647 pezeta inguru. Pilota batek, berriz, 6 euro balio ditu eta gehienez hilabete bateko iraupena izaten dute. «Zenbat eta okerrago jo, orduan eta lehenago puskatuko da, gainera». Beraz, oso teknika ona behar da materiala zaintzeko.
Jakina da, baina, duela zenbait urtetik trinketera jokatzeko ohitura galtzen joan dela. Dagoeneko 1996an parte hartze eskasia sumatzen hasi ziren, eta hala adierazi zuten Ramuntxo Trinkete Klubak urte hartan bertan atera zuen boletinean. Are gehiago: Hego Euskal Herrian zegoen txapelketa faltari egozten zioten errua.
Pedro Garcia de Cortazar, Ramuntxo Trinkete Klubeko lehendakariordearen ustez, trinketea oso kirol indibiduala izan daiteke [nahiz eta bikoteka jokatzen den], eta horrek, gaur eguneko egoerarekin zerikusi handia duela uste du. «Jokatu ahal izateko, gazteek, kuadrillak alde batera utzi behar dituzte. Errazagoa da kuadrillan futbolera jokatzera biltzea. Bestalde, Ramuntxo Trinkete Kluba sortu eta lehenengo urteetan trinkete eskola sortu genuen. Norberto Tranche izan zen klubaren fundatzaile eta alma mater-a. Eskolaz eskola ibili zen gazteak trinketera erakartzen».
Gaur egun, ordea, kirolera atxikitzea «gehiegizko esfortzua» dela azaldu du Ramuntxo klubeko lehendakariordeak. «Gainera, gainontzeko kirolek indarra hartu dute. Futbolean, esaterako, jende ugari dago klubetan lanean, direktibetan eta entrenatzaile gisa. Trinketearen, munduan, oso pertsona gutxi gaude». Danjouren ustez, ordea, jokatzeko ordu falta izan da tradizioa galtzearen arrazoi nagusia. «Lehen mugimendu gehiago zegoen, jokalari gehiago, eta jokatu ahal izateko ordu gehiago».
Materiala garestia da eta gomazko pilotek gehienez hilabete irauten dute.
Hastapenetan, baina, jokalari asko izateak beste arazo bat sortzen zuen: trinkete gutxi zituzten une hartan Irunen zegoen jokalari kopuruarentzako. Goizetan, batez ere, taxistak, eta aduanako goi karguak aritzen ziren, eta arratsaldeko azken orduak gainontzeko jokalarientzat izaten zirela gogorarazi du Danjouk. Horiez gain, apaizek ere goizeko ordu libreak trinketean aritzeko baliatzen zituztela gehitu du Joan Jose Aldakok, Kurpil Kirolak-eko presidenteak. Ondoren, Aduana ixterakoan [1993an], eta (kasualitatez, ala ez) taxistek jokatzeari utzi ziotenean, trinkete gehienak itxi behar izan zituzten.
Hala ere, Danjouren ustez, hiri handietan herri txikietan baino zailagoa da tradizioan errotutako kirolak denboran mantentzea.
Nahiz eta jokalari gutxi egon, jokalari bikainak daude. Luzerako dago bermatua hirian kirolaren iraupena. Mundialetan parte hartzeko ere aukeratzen dituzte kirolari irundarrak, eta gazteak dira, gainera. 30 urtetik behera dituzte Gorka Pablosek, Ander Monserratek, Unai Sagarzazuk [Miguelo Sagarzazu jokalari olinpikoaren semea] eta Markel Mutuberriak. Ramuntxo eta Kurpil Kirolak elkartekoak dira, eta oso emaitza onak lortu dituzte azken urteetan.
Gorka Pablosek, esaterako, Euskadiko Trinkete Txapelketan bigarren postua eskuratu zuen Aritz Larrarte irundarrarekin batera, eta Espainiako Estatuko txapeldun izan dira biak ala biak. Horiez gain, egungo trinkete jokalari federatuen adinaren batezbestekoa 45-50 urtekoa da, eta guztira, 30 federatu inguru dira. Hala ere, nahiz eta federatuta egon, gehienek ondo pasatzeko jokatzen dute. Federatu izatearena soilik partidak jokatu ahal izateko eskakizuna dela azaldu du Garcia de Cortazarrek. «Federatuta gaude bestela ez dugulako txapelketetan parte hartzeko aukerarik».
Modalitateak
Trinketera jokatzeko hainbat modalitate daude: gomazko paleta, larruzko paleta eta xarea. Irunen modalitate guztietara jokatzen den arren, aspaldidanik, gomazko paletan soilik lehiatzen direla azaldu du Ramuntxo Trinkete Klubeko lehendakariordeak, «hori baita errazena». Orain arte, egurrezko paletekin soilik jokatzen zen. Baina duela gutxi fibrazko paletak atera dituzte. Espainiako Estatuan eta nazioartean dagoeneko homologatuta dauden arren, Euskal Herrian, oraindik, ez daude homologatuta. Jokatzeko moduari dagokionez, ez da ezer aldatu, Gipuzkoan behintzat. Herrialdean 30 puntutara (segidan) jokatzen jarraitzen den bitartean, gainontzean 15 puntutako bi set-etara jokatzen da.
Ipar Euskal Herriarekin harremana
Betidanik gertuko harremana izan dute irundarrek Ipar Euskal Herriarekin. Han indar handia du oraindik ere trinketeak. Hendaiara, Donibane Lohizunera eta Getariara jokatzera joaten ziren irundar asko. Trinkete horiek ere pribatuak ziren, noski.
Gaur egun ere Bidasoa ibaiaren bestaldeko txapelketetan parte hartzen dute irundarrek. Izan ere, lehiaketa ofizialez gain, oso partida gutxi baitaude. Horietako bat, El Vaskito Txingudiko Paleta Torneoa zen. Urtero, pandemia garaian izan ezik, irailetik abendura bitarte Ramuntxo Trinkete Klubak antolatzen zuen txapelketa zen. Bertan, Ipar Euskal Herriko, Bizkaiko, Arabako, eta Nafarroako kirolariek parte hartzen zuten.
Aurten, ordea, zail ikusten du Garcia de Cortazarrek horren antolaketa. «Euskal Federaziotik paper eta gauza ugari eskatu dizkigute aurten, eta gu ez gaude horretara ohituta. Gustuko dugulako jokatzen dugu trinketera, eskakizun horiek trabak besterik ez dira».