[Elkarrizketa] «Datuetan oinarritutako gogoetak gustatzen zaizkit»
‘Aurrez aurre 2021eko estropadak’ liburua argitaratu berri du Castrillonek. Argitaratzen duen seigarrena da honakoa. Azken argitalpena ‘booktegi.eus’ atarian doan dago, lehena izan ezik, gainontzeko liburuekin batera.
Ekainean Aurrez aurre 2021eko estropadak liburua kaleratu zenuen. Zer aurkituko du jendeak bertan?
Liburu honek lehendik argitaratutakoen egitura bera jarraitzen du. Lehenik hitzaurre bat aurkituko dute, 2021 urteko denboraldiaren inguruko hausnarketa txiki batekin. Zein talde egon ziren ere azaldu dut, eta beste zenbait ezaugarri ere aurki daitezke.
Ondoren, EuskoTren Ligaren inguruan erreflexio bat egin dut, gizonekiko alde handia dago oraindik eta nire ustez aldatu behako liratekeen zenbait gauza planteatzen ditut. Jarraian, estropaden datuak aurkituko dituzte irakurleek. Estropada bakoitza bi argazkirekin eta estatistikekin azaldu dut, EuskoLabel eta EuskoTren ligetakoak.
Liburua oso ulerterraza da, ezta?
Bai, liburua oso arin irakurtzen da. Datuak argazkiekin eta gogoetak estatistikekin integratzen saiatzen naiz. Hausnarketak egiterako orduan datuekin iritzi hori egiaztatzea gustatzen zait. Hori dela-eta datuetan oinarritutako gogoeta ugari aurkituko dituzte irakurleek. Horiek, motzak, baina sakonak dira, eta beraz, oso erakargarriak direla uste dut. Egia da, gogoetek zer pentsatua ematen dutela eta alde horretatik, lan pixka bat eskatzen dute.
Zein da argitaratu dituzun liburuen xedea?
Hasiera batean nire asmoa Hondarribiko arraunlariei oparitzea zen, eta oraindik mantentzen dut. Baina ondoren, konturatu nintzen arraunaren inguruko liburu historikoak egon bazeuden arren (liburuki handiak eta diskurtso askorekin) ez zegoela ligako, txapelketetako edo Kontxako datuak, nik tratatzen ditudan bezala, biltzen zituen libururik. Informazio guztia sakabanatuta zegoen. Eta pentsatu nuen informazio hori guztia beste modu batera bilduta, agian, beste arraun zale mota batengana heltzeko aukera izango nuela.
Ez da lan erraza izan liburu horiek osatzea, ezta?
Lan asko dago argitalpen bakoitzaren atzetik. Urte hauen guztien ondoren, konturatu naiz lan hau egiteko taldetxo bat izatea ondo legokeela. Gogoeta guztiak nik begiratu eta errepasatu behar ditut. Jartzen ditudan datuak ziurtatzeko iturri ezberdin asko begiratu behar ditut. Maketazioa eta diseinua ere nik egiten ditut. Zuzenketa lanak lagun bati eskatzen dizkiot, baina gainontzekoa nik egiten dut. Liburu hauek egin aurretik ez nekien egileak dena egin behar zuela.
Arraunarekiko zaletasun handia duzula argi sumatzen da.
Bai, txikitatik izan dut arraunarekiko zaletasuna. Mendelu auzoan hazi nintzen, eta gogoan dut Lujanbiok eta haren kuadrillak Kontxa irabazten zutenean kalera irteten ginela. Ez genuen kolore berdeko kamisetarik, ez bixerarik ez ezer, eta beraz, adar batzuekin ateratzen ginen, hostoak berdeak zirelako. Hala ere, zaletasun handiena semea arraunean hasi zenean izan nuen. Julen [Castrillon] 12 urterekin hasi zen arraunean eta hor berpiztu zen nire zaletasuna. Orain, Julenek arrauna utzi duenez, liburu hauekin, modu guztiz ezberdin batean adierazten dut zaletasuna. Eta noski, lasaiago ikusten ditut estropadak! [barrez].
Azken urteetan gero eta garrantzi handiagoa ematen ari zaie datu eta metrikei. Zergatik?
Estatistika kirol guztietan erabili izan da, baina arraunean zeharo utzita zegoen. 2016an Zierbenara joan nintzen estropadak ikustera. Egun hartan ezagutu nuen Ibon Gaztañazpi. Lehenengo liburu horretarako testu bat egiteko eskatu nion, eta oso ederra egin zuen gainera. Une hartan, zirriborroa erakutsi eta beraien lanarentzako oso baliagarria izan zitekeela esan zidan. Ordurarte ez baitzuten modu egokian estrukturatutako daturik. Beraiek eskuz hartutako notak zituzten soilik. Eta beti eskertu izan didate nire lana. Datuak denentzako dira interesgarriak; entrenatzaileentzako, arraunlarientzako, esatarientzako eta baita zaletuentzako ere. Horregatik, nire liburuak booktegi.eus atarian doan aurkituko dituzte.