Santiago zubian Euskal Herriaren Independentzia aldarrikatu dute
Frantziako iraultzaren urtemugan, Santiago zubian zintzilikatutako bi pankarten bidez, Euskal Herriaren Independentzia aldarrikatu du Xuti Gazte antolakundeak.
Gaur, hilak 14, Frantziako Jaiegun Nazionala da. Hori dela eta, Xuti Gazte antolamendu gazteak bi pankarta zintzilikatu ditu Irun eta Hendaia batzen duten Santiago zubian. Bi pankarta hauekin, Euskal Herriaren Independentzia aldarrikatu dute.
Egun honetan 1789ko Frantziako Iraultza ospatzen dute frantsesek, baina Xuti Gazteren ustez, ezer gutxi dago ospatzeko, izan ere, agiri baten bidez helarazi dutenez, “etengabekoak dira euskararen eta Euskal Herriaren aurkako erasoak”.
Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzeaz gain, beste zenbait egoera salatu dituzte, hala nola, mugetako kontrolak, euskal preso eta iheslarien egoera edo Ipar Euskal Herriko gazteen aurkako atxiloketak.